Jaietan emakumeen aurkako indarkeria saihesteko gidaliburua jasoko dute udalek

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ‘Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida’ banatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean, Emakundek, foru aldundiek eta Eudelek bultzatutako ‘Beldur Barik’ programaren esparruan.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkateak aurkeztu dute gida, astelehen honetan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Ainhoa Campo, Miren Elgarresta eta Patricia Campelo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundietako Berdintasuneko zuzendariekin batera. Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, uda honetan bueltatuko dira jaiak euskal udalerrietara, eta udalen artean banatuko du gida, jaietan emakumeen aurkako eraso matxistak prebenitzeko herriotan egiten ari diren lana indartzeko. Emakundek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudelekin elkarlanean koordinatzen duen ‘Beldur Barik’ programaren baitan urtero udalerrien eskura jartzen da jaiei begirako prebentzio materiala, eta aurten gidaliburu hau prestatu da.

Eraso matxistak identifikatzeko eta prebenitzeko, eraso baten biktimei arreta emateko eta eraso bati erantzun publikoa antolatzeko jarraibideak ematen ditu, eta eranskin bat du, bereziki ostalaritza sektoreari eta txosnei zuzenduta.

Artolazabalek adierazi duenez, “normaltasunera itzultzeaz hitz egiten den honetan, gogorarazi nahi dugu ezin dugula normaltasunaz hitz egin eraso sexistak gertatzen diren bitartean”. “Berdintasunezko jaiak nahi ditugu”, esan du, eta helburu hori lortzen laguntzeko, gida prestatu da udal, jai batzorde, ostalaritza, txosna eta jai ekitaldiak antolatzen dituzten pertsona edo kolektibo guztientzat, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzen lagunduko duten prozesuak bultzatzeko edo indartzeko jarraibideak eskaintzen baitzaizkie bertan. “Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti gogoan izatea nahi dugu. Jaiak eta alkoholak ez dute justifikatzen pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik. Ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen”, oihartarazi du.

“UDALAK INSPIRATZEKO”

Bestalde, Urtaranek ziurtatu du udalek funtsezko zeregina dutela berdintasunaren aldeko talde lanean sentsibilizatze aldera, eta gidak “udalak inspiratzeko” duen balioa nabarmendu du. “Batez ere txikientzat da baliagarria, prozesu horiek diseinatzeko behar diren langile teknikoak ez dituztenentzat, alegia”, gaineratu du. Esan duenez, “jaiak pertsonak elkartzeko eta haien arteko harreman sendotzen laguntzeko topaguneak dira eta guztiok dugu eskubidea nahi ditugun moduan bizitzeko”.

Halaber, gaineratu du pandemiaren ondoren jaiak ospatu ahal izateak sortzen duen ilusioa ezin dela lausotu “emakumeak jaiez gozatzeko askatasunik gabe uzten dituzten eraso eta jokabide matxistekin”.