Euskaraldiak Ariguneak areagotuko ditu

Ariguneak areagotu nahi ditu datorren udazkenean egingo den hirugarren Euskaraldiak, eta ekimenaren antolatzaileek parte hartzeko deia egin diete era guztietako entitateei. Ariguneak osatu eta izena emateko epea zabaldu da jada, eta euskaraz aritzeko guneak sortu nahi dituzten entitateek ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean egin dezakete izen-ematea. Horren berri emateko prentsa agerraldia egin dute asteazken honetan Gasteizen Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Osatek, Gaztedi Errugbi Taldea, Oreka IT, Albaitaritza S.A., Medicus Mundi Bizkaia eta Mondragon Eskola Politeknikoa entitateetako ordezkariek.

Era berean, ekitaldian egon dira Gasteizko alkateorde eta Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugarte eta GEU euskara elkartea zein Gasteizko Euskaraldia batzordeko ordezkariak. Bada, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ekimenaren hirugarren edizioak, berriro ere, ariguneak izango ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziekin batera.

2020an egindako bigarren edizioan bezala, entitateek parte hartzeko aukera izango dute eta beren funtzio nagusia euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea izango da. Hain zuzen, pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute aurten Euskaraldiaren sustatzaileek, eta proposamena luzatu diete enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei.

Zabalik dago jada entitateek Euskaraldian parte hartzeko aukera. Bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek parte hartzea berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean; lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izango dute izena eman eta arigune kopurua zehazteko.

Aurten izen-emate prozesua erraztu dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta aurretik prozesua egin dutenek ere erraz berretsi ahal izango dutela parte hartzea. Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek.

 Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aurreko edizioetako balorazio eta ikerketetan. Horregatik, ariguneak sortu, hedatu eta identifikatzen jarraitzea lehentasuna izango da Euskaraldian.

ESPERIENTZIA EREDUGARRIAK

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dute 2020an egin zen Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu zuten entitateen artean esperientzia eredugarriak egon zirela. Covid19-aren eraginez baldintzak errazak izan ez arren, hainbat erakunde, enpresa eta elkartek ariguneak sortu eta urrats garrantzitsuak eman zituzten. Aurtengo edizioan esperientzia horiek eta hainbat entitatek izandako lorpenak beste batzuentzat baliagarri izan daitezkeela azaldu dute. Ildo horretan, esperientzia horiek zabaltzeko ahalegina egingo da Euskaraldiaren koordinazio mahaitik.

Adierazi dutenez, Euskaraldia “urrats eta lorpen ugariren gehiketa” izan da aurreko edizioetan, eta hirugarrenean ere proposamen hori egingo zaie parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezaizkietela beren buruei. Erronka horien guztien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea.

Azkenik, Euskaraldia sei hilabete barru egingo dela gogoratu du ekimenaren koordinatzaileak: azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da hirugarren edizioa. Era berean, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dutela azaldu dute.

“EDIZIO GARRANTZITSUA”

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak agerraldian azaldu duenez, aurreko edizioan izandako “baldintza zailen” ondoren, “kalea hartzeko, gizarte aktibazioa areagotzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izango dugu aurtengo Euskaraldian”. “Beraz, hirugarren edizio hau edizio garrantzitsua izango da. Parte hartzen duten belarriprest, ahobizi zein entitateei hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea izango da aurtengo lehentasunetako bat, euskararen erabilera areagotzeko partaide guztion prestakuntzan sakontzea”, esan du.

Bestade, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gaineratu du ariguneak sortzeko proposamena “entitate bakoitzean aztertu eta zer urrats eman ditzaketen pentsatzea” proposatzen dutela. “Entitate bakoitzaren errealitatea eta abiapuntua oso ezberdina dela badakigu eta horregatik da garrantzitsua bakoitzak bere ibilbidea gogoetatzea, bakoitzak bere neurria zein den aztertzea eta egin ahal duen horri ekiteko konpromisoa hartzea.

Entitate guztiek dute euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko aukera, euskararentzako gune erosoak sortzeko aukera”, azaldu du. Beraz, nabarmendu du “proposamen ireki eta progresiboa” egiten dutela: “Bakoitzak ahal duen neurrian eta ahal duen erara, pausoz pauso”. “Entitatea osatzen duten kide guztien erabaki partekatua izatea nahi dugu gainera: langile edo kideak eta arduradunak.

Entitateak babestutako guneak izan daitezen, erabakia ere partekatua izan behar da. Denok elkarrekin egin behar dugulako aurrera”, gaineratu du.