Erasmus+, ihes egiten utzi behar ez zaion aukera paregabea

1987an, Europako Batzordeak Erasmus Programa sortu zuen, Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideen barruan unibertsitateko ikasle eta irakasleen mugikortasun akademikoa errazteko. 2014tik aurrera, Europako 2020 Estrategiaren barruan, programak aurrera jarraitu du, baina orain Erasmus+ izena du. Ekimenean, goi-mailako 2.199 erakunde akademikok parte hartzen dute, 31 herrialdetan, eta horiek Socrates programan sartuta daude.

Erasmus+ programak aurten 35. urteurrena du, eta, aurrekoak bezala, goi-mailako irakaskun­tzara bideratuta dago. Honako helburu hau du: «Kalitatea hobetzea eta goi-mailako irakaskuntzaren dimentsio europarra indartzea, unibertsitateen arteko nazioz gaindiko lankidetza sustatuz, Europan mugikortasuna sustatuz eta Batasun osoan ikasketen eta kualifikazioen gardentasuna eta onarpen akademiko osoa hobetuz».
2021-2027 aldirako, Europar Batasunak 26.200 milioi euro bideratu ditu programa horretara, gizarteratzea, tran­tsizio ekologikoa eta digitala hobetzeko, eta gazteek bizitza demokratikoan parte har dezaten sustatzeko. Programaren garapenaren helburua da Europako Hezkuntza Esparruan, Hezkuntza Digitalaren Ekintza Planean eta Europako Gaitasunen Agendan ezarritako lehentasunak eta jarduerak babestea.

Erasmus+ programan parte hartzeko baldintzak
Parte-hartzaileek ikasketen trukea eska dezakete Europar Batasuneko 28 herrialde kideetako batean. Halaber, Europako Esparru Ekonomikoko lau herrialdeen artean ere aukera dezakete: Liechtenstein, Norvegia, Islandia eta Suitza; baita Europar Batasuneko kide izatea espero duten zenbait herrialderen artean ere: iparraldeko Mazedonia, Turkia eta Serbia.

Helmugako unibertsitatea zein den, Erasmus programaren iraupena hiru hilabetetik hamabi hilabetera bitartekoa izango da, eta ikasleak atzerrian praktikak egitea eskatzen duen ala ez ere kontuan hartuko da. Bestalde, Erasmus programaren abantaila handienetako bat da ikasleek bekak eta laguntzak eska ditzaketela. Laguntza horien zenbatekoa desberdina izango da helmugako herrialdearen arabera.