Maisha MCk egin du aurtengo Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren abestia

Maisha MC (Eneko Axpe) hip hop artistak egin du Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaiaren abestia, ‘Handitzen’ izenburupean. Kaliforniako (AEB) San Frantzisko hirian sortu du, Glaukoma taldeko Juantxo Arakama, Laize MC eta Nizuri Tazuneri taldeko Fani abeslarien kolaborazioekin.

Astearte honetan aurkeztu dute prentsaurrekoan ekainaren 5ean Bastidan (Araba) ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren abestia. Lurdes Errasti Denon Eskola federazioko presidenteak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak parte hartu dute.

Abestiaren egileak ere esku hartu du, San Frantziskon grabatutako bideo baten bidez. Musika ekoizpenean, DJ lanean, euskal rapean eta zinemagintzan ari da Maisha MC gaur egun. 121 Krew eta Patrol Destroyers taldeko partaidea izan zen, eta bere bakarkako lehen lana 2019an kaleratu zuen, ‘VMME SAHAR’ izenburupean, euskal tradizioak hip hoparekin nahastu zituen diskoa.

Bada, ‘Handitzen’ izeneko abestian zenbait mezu bidaltzen ditu egileak, hala nola eskola publikoan ikasten duenak “nahi duena” izan daitekeela, “inor atzean uzten ez duen kalitatezko eskola publikoa” dugula, euskara “zaindu behar dugun altxorra” dela eta eskola publikoan “denontzako lekua” dagoela. Kantaren bideoklipari dagokionez, Arriguri euskal bideogintza kooperatiba elkarte txikiak egin du.

Bastidako eskolan eta Guardiako institutuan grabatu dituzte irudiak, eta, bideoak umeekin egitea ohikoa den arren, oraingoan gazteekin egin da.