Euskal artistentzako beka birtualak New Yorkeko Guggenheimen

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek Euskadiko lau gaztek AEBetako hiriko museoan esperientzia profesionala izateko aukera eskainiko dute aurten ere beka programaren zortzigarren deialdiaren bidez.

Aurtengo edizioa birtuala izango da erabat, pandemiak eragindako murrizketengatik, eta urria eta abendua bitarte egingo da. Izena emateko epea ekainaren 13an amaituko da, eta hautatutako gazteek 1.750na dolarreko dirulaguntza jasoko dute.

Bilboko Guggenheim museotik jakinarazi dutenez, Euskadiko ikasleei zuzendutako udazkeneko beka programak esperientzia profesionala eskainiko du artearekin eta museoen jardunarekin zerikusia duten gaietan trebatzeko New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoko hainbat arlotan.

Graduatu berri diren ikasleei zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzentzen zaizkie praktikaldiak, beti ere bi baldintza betetzen badituzte: Euskadin bizitzea behintzat 2019ko urtarrilaren 1etik eta ingeles maila altua izatea, ahoz nahiz idatziz. Zehazki, izena eman dezakete graduatu berri diren ikasleek (2019-2020 ikasturtetik aurrera graduatutakoek), graduaren azken urtean daudenek edo graduondoko bat ikasten ari direnek. Praktikak erabat sarean egingo dira (2020ko eta 2021ko deialdietan ere horrela gauzatu behar izan ziren eta emaitzak onak izan ziren), eta hainbat arlotan lan egiteko aukera eskainiko dute, hala nola erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazioa, experientzia digitala, marketina, kontserbazio arloa, argitalpenak edo argazkigintza.

Praktikaldiak irauten duen bitartean ikasleek banakako proiektu bat garatu beharko dute, bileretan parte hartuko dute eta praktikaldia egiten ari diren arloari dagozkion jarduerak beteko dituzte. Horrez gain, praktikaldiaren zehar ‘Museum Culture Seminars’ sareko mintegietan parte hartuko dute: horietan, partaideek modu birtualean ezagutuko dituzte New Yorkeko museoko profesionalak eta beste bekadun batzuk, eta haiekin elkartrukean arituko dira alor kulturalean pil-pilean dauden gaiak eztabaidatzeko.

Interesdunek Bilboko Guggenheim museoaren webgunean ikus ditzakete oinarriak eta bertan eman dezakete izena ekainaren 13a arte: https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/enplegua-eta-praktikak/…. Programari lotutako edozein zalantza edo galdera izanez gero, museoarekin harremanetan jar daiteke basqueinternships@guggenheim-bilbao.eus helbidera idatziz.