“Ahots Planeta” literatur podcast feministak zuzeneko saioa egingo du Euskararen Etxean

Azkue Fundazioak eta Euskal Idazleek ekoitzitako Ahots Planeta literatur podcast feministak zuzeneko saio berezia egingo du Bilbon kokatutako Euskararen Etxean maiatzaren 27an, 19:30etik aurrera, Sorkuntza poetikotik itzulpengintzara izenburupean.

Ekitaldian Leire Bilbao idazle eta poetak eta Bego Montorio itzultzaile eta interpreteak parte hartuko dute. Ahots Planeta podcastaren arduradunek gidatuko dute zuzenekoa, Garazi Albizuak eta Idoia Carramiñanak.

Ekitaldira bertaratzeko aukera izango da, baina Twitter Space-eren bidez ere entzun ahalko da: @IdazleElkartea . Sarrera doakoa da, eta bertaratuek “erregalia” dotorea jasoko dute.

Podcast fresko eta jostaria da Ahots Planeta; eta zehazki, euskal literatura feministaz aritzen da. Informazioa jaso eta testuak entzuteaz gain, publikoak modu aktiboan parte hartzeko aukera ere eskaintzen du. Helburu akademikorik gabe, gozamenetik egitea eta lotsarik gabe partekatzea da xede nagusia.Bizkaian sortua bada ere, beste planeta batera eramaten gaituzte Idoia Carramiñana eta Garazi Albizua idazleek. Programa bakoitzeko, fikzio bat osatzen dute idazleek eta saioaren azken atalean, testu bat idaztera animatzen dituzte entzuleak.

“Feminismoak lotzen gaitu. Eta, podcastak bogan daudela eta, pentsatu genuen literatura feminista oinarri duen podcast bat sortzea, eta Euskal Idazleen Elkartekoei bidali genien proposamena”.

Bada, oraingoan, podcasta zuzenekora eramango dute Euskararen Etxean, eta adi, saio hori bertatik bertara edo Twitter Space bidez baino ez baita jarraitu ahal izango. Feminismoa eta literatura zuzenean, Euskararen Etxean.