Maiatzaren 27tik 29ra izango da Literaturia Jaialdia Zarautzen

Maiatzaren 27tik 29ra ospatuko da aurtengo Literaturia Jaialdiaren 2022ko edizioa. Pandemia aurreko ohitura berreskuratuz, Lieraturia udaberrira itzuliko da eta maiatzaren azken asteburuan, Zarautz euskal letren plaza bilakatuko da.

“Literaturiak, asteburu batez, euskal literaturaren topagune bilakatzen du Zarautz. Euskaltzale asko batzen dira gurean eta euskal letrek eskaintzen diguten altxorraz gozatzeko aukera aparta eskaintzen digu”, adierazi du Xabier Txurruka alkateak gaur goizean ospatu den jaialdiaren aurkezpen saioan. “Zarautz herri euskalduna da, euskarak egiten duelako euskaldun Zarauzko herria. Literaturiak euskal kultura eta literaturaren erreferente bihurtzen du gure herria egun hauetan eta bertatik bertara eta zuzenean egileekin gozatzeko aukera ematen digu. Gainera, Literaturia da Euskal Herrian euskara hutsean egiten den jaialdi bakarra”.

Aurtengo edizioaren gaia Piztia izango da eta Lege Zaharren Enparantzan kokatuko da beste behin Literaturiako liburu azoka, non herritarrek argitaletxe eta liburu denda desberdinek jarritako postuetan euskal literaturako liburuak erosteko aukera izango duten.

Lege Zaharren Enparantzaz gain, Modelo Aretoak ere jasoko ditu aurtengo Literaturia jaialdiko ekitaldi desberdinak. Besteak beste, bertan ospatuko da irekiera ekitaldia ostiralean, arratsaldeko 20:00etan. Asteburuan zehar izango diren ekitaldi eta aurkezpen guztiak Literaturiaren web orrian kontsulta daitezke.