Bilboko Itsasmuseum itsas museoak ‘Surfing Euskadi’ aldi baterako erakusketa inauguratu du. Erakusketak datorren urriaren 30era bitarte egongo da zabalik, “Euskadin oso errotuta dagoen kirolaren historian zeharreko ibilbidea” proposatzen du, eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren eta Laboral Kutxaren babesa ditu.
Lorea Bilbao Itsasmuseumeko presidente eta Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak, Javier Amezaga eta Borja Peñeñori ‘3sesenta’ aldizkariko editore eta erakusketaren komisarioek eta Jose Ramon Taranco Laboral Kutxako Babes eta Gizarte Kudeaketako lurralde buruak aurkeztu dute erakusketa. Bederatzi gai multzok osatzen dute erakusketa, eta baliabide ugari dituzte hainbat arlori heltzeko: historia, surfari lotutako pertsona ospetsuak, olatu adierazgarrienak, tokiko industriaren garapena, surf inklusiboa, artea, hedabide espezializatuak, zerbitzuak eta puntako teknologiak. “Euskal surfa nazioartean aintzat hartzea eragiten duten faktoreen batuketa”, nabarmendu dute.
Erakusketak Euskadiko surfaren historiaren ikuspegi globala eskaintzen du, eta ikuspegi eta diziplina artistiko eta kirol desberdinak uztartzen ditu, modu koherente eta dinamikoan, “esperientzia paregabea sortzeko”. Aurkezten diren ikus-entzunezkoen artean, Jon Aspuru argazkilari eta filmografoak egindako lan bat nabarmentzen da, non Isio Noya, Jorge Lekunberri eta Mitxel Andreu kamerariek parte hartu duten. Bertan, Euskadin filmatutako olatu handiak biltzen dira. Era berean, ‘Surfing Euskadi’ erakusketak publikoari hurbiltzen dizkio Mundakakoa bezalako olatu ospetsua, eta gerora Europako olatu handien zirkuituan sartu diren beste batzuk, hala nola Meñakozekoa, Izustarrikoa edo Punta Galekoa.
Horrez gain, surfaren euskal industriari ematen zaio garrantzia, azken urteotan baliabide berritzaileak aurkeztu baititu eta gero eta pisu handiagoa baitu Euskadiko ekonomian eta turismoan.
TAULAK
Halabner, Euskadin bertan egindako taulen eta ekipamenduen eredu garrantzitsuak bildu ditu. Ildo horretan, Gabriel Medina hiru aldiz munduko txapeldun izandakoak Zarautzen egindako tauletako bat erakusten du. “Material gogorraren” industria 1960ko hamarkadaren amaieran hasi zen, eta hamarkada batzuren buruan, Pukas marka munduko liderren artean sartu zen surf taulen fabrikazioan. Euskadiko hainbat hondartzatan garatzen ari den surf inklusiboko programa aitzindari batek ere badu lekua. Programak aukera ematen die aniztasun funtzionala duten pertsonei surfaren esperientzia bertatik bertara bizitzeko.
‘Surfing Euskadi’ erakusketak euskal kostaldeak aldizka hartzen dituen txapelketetako kartel onenetako batzuk ere eskaintzen ditu, eta Wavegarden enpresa gipuzkoarrak Brasilen instalatutako surf-park berria erakusten du bideo batean. Energiari dagokionez, Arrecife Surf Systems bezalako proiektuak aurkezten ditu, energia sorkuntza olatuen bidez errentagarri bihurtzea nola lortu duten erakusten dutenak.
Erakusketa urriaren 30a arte egongo da zabalik, eta museoak askotariko jardueren programa osagarria eskainiko du: hitzaldiak eta mahai inguruak, sektoreko profesionalekin topaketak, bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak, besteak beste. Maiatzaren 21ean eta 22an, Museoen Nazioarteko Egunaren barruan, Surfing Itsasmuseum aurkeztuko da, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako bereziki diseinatutako tailerra.