Getxoko Kalefest Jaialdiak euskarazko kultura aire zabalera aterako du

Maiatzaren 28tik urriaren 15era bitartean, Getxok euskarazko kultura aire zabalera aterako du Kalefest kaleko arteen jaialdiaren eskutik. Kaleko arteen jaialdiak mota anitzeko ia hogeita hamar ikuskizun eta ekintza hurbilduko dizkio publikoari. Batez ere gazteei zuzendua baina familiei ere irekia dagoen ekimen hau joan den urteko Aurrekontu Parte-hartzaileetan jasotako eskaerei erantzuteko jarri du abian udalak.

Kalefesten egitarauak doako sarrera duten 29 ikuskizun bilduko ditu eta herriko auzo guztietan banatutako 10 kokalekutan egingo dira. Horren bitartez euskarazko kulturari protagonismoa eman nahi dio Udalk, askotariko ikuskizun eskainita: dantza, antzerkia, zirkua, zinema eta diziplina anitzeko lanak.

Antzerkiaren atalean, besteak beste, honako lan hauetaz gozatu ahal izango du publikoak: ‘Kale gorrian’, etxegabetzeak satiratik jorratzen duena, edo ‘Legea gu gara’, gaurkotasun sozialeko komedia. Horiez gain, gizakien barne mundura zuzendutako umore eta ikusmen handiko bidaia, eta genero ikuspegia eta transgenero identitate bezalako gaiak islatzen dituzten bi muntaia ere izango ditugu: ‘Psike’ eta ‘Bidearen amaieran’. ’35 huts’ antzezlanean, berriz, adin batetik aurrera sinesmenak eta amatasuna birplanteatzea bezalako alderdiak ukituko dira, eta ‘Akabo’ obran suizidioaren gai polemikoa jorratuko da oso umore berezi batetik abiatuta.

Dantzari dagokionez, ‘Gazte’, ‘Qué tienen las flores’, ‘Topa’, ‘Dye Dye Dye’, ‘Otempodiz’, ‘Otempodiz’ eta ‘Musu baten eztanda uhina’ pieza garaikideak eskainiko dira. Horietan, besteak, beste, gazteen inkonformismoa, estilo anitzen fusioa, Afrika-Euskadi konexioa eta feminitatea jorratuko dira. Azkenik, ‘Geure[r]a’, lana ere izango da ikusgai, dantza esekia, bideo-mapping-a eta musika uztartzen dituen pieza bikaina.

Bestalde, ‘E.go’, ‘Mikra’ eta ‘Aukerak’ zirku-lanek akrobaziak, malabareak eta ikuspegi garaikidetik landutako beste teknika batzuk hurbilduko dizkigute. Horiekin batera, ‘Aquiles’, formatu handiko figura protagonista duen lan ibiltaria, eta ‘Rotonda Circus’, inprobisazioaren aldeko apustua egiten duen ikuskizun sailkaezina ere izango dira. Azkenik, Kalefestek zine-eskaintza anitza programatu du, haurrentzako, familientzako gazteentzako eta helduentzako filmak bildu dituela.