Joera artistikoak dituzten 17 eta 35 urte arteko gazteek hautagaitzak aurkez ditzakete jada ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren 2022ko ediziorako. Ekimena Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatzen dute, gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzeko.
Proposamen onenek aholkularitza profesionala eta 4.000 euro arteko laguntza ekonomikoa jaso ahal izango dituzte, proiektua garatu eta gauzatu ahal izateko. Programa ostegun honetan aurkeztu dute prentsaurrekoan, Gasteizen, eta bertan izan dira Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateordea eta Lexuri Ugarte Arabako Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria.
2021eko edizioan aukeratutako artistak ere izan dira agerraldian: Iker Agirre, Alejandra Bueno, Aitor Vinagret eta Aitor Anda. Beren proiektuak ezagutarazteko aukera izan dute. Gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez euskarazko programazio kulturalean eragina izateko ere sortu zen deialdia, eta ahozkotasunean oinarritutako sorkuntza sustatu nahi du bereziki. Era berean, gazteek sormena garatzeko aukera emango dieten espazioak izan ditzaten lan egiten du, aurkezpenean azaldu dutenez.
Beka 17 eta 35 urte arteko Arabako gazteei zuzenduta dago eta, adinaren arabera, bi kategoria daude. Ideia artistikoa duen edozein gazteri forma eman diezaion eta taulara dezan laguntzea da helburua. Ideia gauzatzeko, 4.000 euro arteko laguntza eskaintzen da eta, horrez gain, lan egin beharreko eremuko profesional baten tutoretza izateko aukera.
Iñaki Gurtubaik gonbidapena egin die Arabako sortzaile guztiei proiektuak aurkez ditzaten. Azaldu duenez, ikus-entzunezkoekin, antzerkiarekin, musikarekin, bertsolaritzarekin, bakarrizketekin, poesiarekin edo performanceekin lotuta egon daitezke egitasmoak. Bestalde, Lexuri Ugartek adierazi duenez, “Araban, euskaraz sortu, euskal kulturari hauspoa eman eta gazteria eta kultura binomioa aldarrikatzeko aukera polita da ‘Gazte Sortzaileak’ beka”.
Lanak aurkezteko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik, eta Gasteizko Udaleko Erregistro Orokorrea, gizarte etxeetako herritarren arretarako bulegoetan edo udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu ahal izango dira. 2015etik, Arabako 26 gaztek sustatu dituzte mota bateko edo besteko beren proiektu artistikoak beka baliatuta.