Bulego, Ødei, Merina Gris eta Vulk, EHZ Festivalean

Aurtengo edizioa uztailaren 1etik 3rako asteburuan egingo da, Irisarrin. Dagoeneko salgai daude hiru eguneko bonuak, 45 euroren truke.

EHZ Festibalak hogeita seigarren edizioko kartel osoa iragarri berri du. Vulk, Merina Gris eta Bulego taldeak eta ØDEI rap musikaria aurretik plazaratutako zerrendara gehitu dituzte, baita Delirium Tremens eta Joseba Tapia ere.

Hala, uztailaren 1etik 3ra Irisarrin egingo den jaialdiko musika programazioa honako taldeek osatuko dute: Ibil Bedi, Niko Etxart, Ezpalak, Calling Marian, Fizt & Furiuz, Madelyn Ann, Eesah Yasuke, Amorante eta Gaitistaneko Orkestra. Jaialdiko antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurretik hala iragarri zuten arren, KOKOKO! taldeak ez du aurtengo edizioan parte hartuko.

Festibaleko sarreren aurre salmenta martxan dago dagoeneko. Maiatzaren 25era bitarte, 45 euroren truke eskuratu daitezke tiketak, festibalaren webgunean. Jaialdian bertan, 55 euroko prezioa izango dute bonuek.

Musika programazioaz gain, mintzaldi eta mahai-inguruak egongo direla aurreratu dute EHZ Festibaleko antolatzaileek. Gainera, auzolanean egiten den ekitaldia den aldetik, “denona” eta “denon eskuekin” eraikitzen dena, laguntzaile gisa parte hartzeko aukera dagoela gogorarazi dute.