Udaberriko Bertso Saioak egingo dira Santutxun eta Deuston

Bilboko Udalak eta Santutxuko Bertso Eskolak batera antolatzen duten ‘Udaberriko Bertso Saioak’ programaren edizio berria hasiko da maiatzaren 14an, eta lau emanaldi eskainiko ditu Santutxuko Karmelo Plazan eta Deustuko Done Petri plazan.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, dagoeneko euskaltzaleen arteko topagune dira Udaberriko Bertso Saioak, eta helburutzat dituzte Bilbon euskal kultura eta hizkuntza sustatzea eta Santutxuko Bertso Eskolak hirian egiten duen lana babestea. Izan ere, aurten, saioen gai nagusia eskola bera izango baita. Programako jarduera guztietarako sarrera librea da, eta saioak 13:00etan hasiko dira.

Aurtengo edizioan emakumeen presentziaren aldeko apustua egin da. Horrela, maiatzaren 14ko saioan, Amets Arzallus, Oihana Bartra, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi arituko dira Santutxuko Karmelo plaza, eta astebete beranduago, hilaren 21ean, toki berean, Maialen Lujanbio, Ibon Ajuria, Jone Uria eta Etxahun Lekue.

Maiatzaren 28an Deustuko Done Petri plazan izango da saioa, Andoni Egaña eta Nerea Ibarzabalekin, eta bukatzeko, ekainaren 4an, Deustun bertan, Onintza Enbeitak, Sustrai Colinak, Saioa Alkaizak eta Arkaitz Estiballesek abestuko dute.