Donostiako 33. Gazteen Antzerki Topaketak 24 antzezlan eskainiko ditu

Donostiako Gazteen Antzerki Topaketaren 33. edizioak 24 antzezlan eskainiko ditu hiriko sei agertokitan, maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitarte. Donostia Gazteriak antolatu du topaketa, Donostia Kulturarekin eta Kutxa Kulturrekin elkarlanean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 14 eta 30 urte bitarteko gazte parte hartzaileek Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, Antzoki Zaharrean, Gazteszenan, Lugaritzen, Kutxa Kultur Klubean eta Kontadoresen aurkeztuko dituzte euren lanak.

Topaketaren helburu nagusia gazteriaren eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea da, antzezle edota publiko izateko aukera baitute emanaldietan. Era berean, gazteen artean kultur ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, baita haien sortzaile gaitasuna ere. Horrez gain, topaketaren bitartez, parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri eman nahi da, antolatzaileen hedapen kanalei eta espresuki topaketetarako sortutako materialei esker.

Bestalde, ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira; eta, Aia Kruse, Asier Oruesagasti eta Nerea Gorriti antzezleak arduratuko dira balorazioaz. Sari banaketa ekainaren 18an izango da. Sarreren prezioari dagokionez, hiru eurokoa izango da espazio guztietan.

Victoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Gazteszena eta Lugaritzeko antzerki lanak ikusteko sarrerak maiatzaren 9tik aurrera erosi ahalko dira, Donostia Kulturaren webgunean (www.donostiakultura.eus) eta obra bakoitza antzeztuko den espazioaren leihatilan ere; Kutxa Kultur Klubeko eta Kontadoreseko emanaldien sarrerak, berriz, egunean bertan erosi ahal izango dira tokiko leihatilan.