Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren II. edizioa aurkeztu du. Erakustaldia maiatzaren 10etik 20ra bitartean egingo da Gipuzkoako bederatzi udalerritan. Gipuzkoa Naturaldia publiko guztiei zuzendutako ekitaldi eta baliabideen programa bat da, oro har naturarekiko harremana eta, bereziki, Gipuzkoako naturarekiko harremana bultzatzera bideratutakoa, eta Gnat Zinema ekimen horren parte da. Zinema erakustaldi honen helburua gertuen dagoen naturaren kalitatea zabaltzea da, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «hamarkada erabakigarri batean gaude aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko, eta garaia da ingurumenarekiko sentsibilizazioa berpizteko eta gure gizartea irizpide iraunkorren arabera berreraikitzeko kontzientzia kolektiboa indartzeko».
GNAT Zinema zabaltzea: egoitza berriak eta estreinaldiak
Iaz Gnat Zinemaren egoitza izan ziren Gipuzkoako zortzi udalerriei (Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Zumaia) aurten Zumarragako udalerria gehitu zaie, bi kokalekurekin: Zelai Arizti Zinema eta Antigua ermita.
Horrela, 9 egoitza horietan naturarekin lotutako 10 film proiektatuko dira: Mama, Salvajes, Animal, Panteras, Lo que el Pulpo me Enseñó, The Magnitude of All Things, De Quijotes y Semillas, Journey to Utopia, Urak aske, eta La Vida Secreta de los Árboles
Coopera Congo Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat funtsak biltzeko familia-plogginga
Pablo de la Chica zuzendariaren Mama film labur dokumentalaren protagonista den Gobernuz Kanpoko Erakundearen alde dirua biltzeko, familia-plogging bat antolatu da Higer itsasargian maiatzaren 22an. Film horrek dokumental onenaren Goya saria lortu zuen azkeneko edizioan. Ploggingaren helburua da hiru kilometroko ibilbidea egitea, zaborrak biltzeko eta ingurumena babesteko sentsibilizazioan sakontze aldera. Ibilaldiaren aurretik jolasak, birziklatzeari buruzko zozketak eta aurrez berotzeko baliagarri izango den zumba klasea antolatu dira, eta plogginga amaitu ondoren, aperitibo bat emango zaie parte-hartzaile guztiei; halaber, pisatu egingo da bildutako zaborra. Izena emateagatik 5 euro kobratuko dira eta horrela bildutako dirua Coopera Congo GKErentzat izango da. Erakunde horrek Lwiro-ko primateen errehabilitazio zentroa kudeatzen du, eta zentro horren arduradunak eta zaintzaileak dira protagonistak Gnat Zinema 2022 irekiko duen MAMA dokumentalean.
II. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren -Gnat Zinema 2022- saio guztietarako sarrerak DOAKOAK izango dira, eta sarrerak erosi ahal izango dira egoitza bakoitzaren ohiko bideak erabiliz edota esteka honen bidez, non saio bakoitzeko sarrerak nola eskuratu azaltzen den: https://gip.eus/sarrerak