Sare sozialei buruzko lantegiak Arrigorriaga, Lekeitio eta Ortuellan

Azkue Fundazioak zuzentzen duen Bziber egitasmoak sare sozialei buruzko lantegiak antolatu ditu gazteentzat Bizkaiko Arrigorriaga, Lekeitio eta Ortuellan. Lantegiak maiatzaren 14tik 29ra bitarte egingo dira, eta 2008. eta 2011. urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta daude. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lantegiotan, zenbait plataforma teknologiko aztertuko dituzte (Instagram, Tik-tok, Twitch eta beste), eta batez ere ikus-entzunezkoen sorkuntzan eman beharreko urratsetan trebatuko dituzte parte hartzaileak: ideia pentsatu, gidoitxo bat egin, irudiak grabatzeko teknika egokiak aztertu, editatzen ikasi eta abar.

Horrekin batera, sarean bideogintzan dauden euskarazko erreferenteak ezagutuko dituzte, eta tresna teknologiko horien erabileraz hausnartu eta euskarazko edukiak sortuko dituzte talde giroan. Saioak launa ordukoak izango dira, eta lekuaren arabera goizez edo arratsaldez izango dira. Lantegion helburua da gaztetxoei euskarazko erreferenteak erakustea eta euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzera animatzea, sareko plataformetan euskararen erabilera areagotzeko asmoz. Halaber, horien erabileraz jabearaztea eta norbere irudiak grabatzearen ondorioez hausnartzea ere dituzte xede.

Izen-ematea www.bziber.eus webgunearen bidez egingo da, datorren astelehenetik, maiatzaren 2tik. 11 eta 14 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute, eta izena emateko, webgunean jasotako inskripzio fitxa betetzea baino ez dago. Eskaerak lekuak baino gehiago balira, zozketaz izendatuko dira. Arrigorriagako lantegia maiatzaren 14an izango da, 16:00etatik 20:00 etara, Gaztegunean; Lekeitiokoa maiatzaren 21ean egingo da, 16:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean; azkenik, Ortuellakoa maiatzaren 29an izango da, 09:30etik 13:30era, Kultur Etxean.