“Obaba” filma ikusgai izango da Nafarroako Euskarazko Filme Zikloan

Nafar Ateneoak eta Golem zinema-etxeak Nafarroako Euskarazko Filme Zikloa prestatu dute. Urtarrilaren 28tik ekainaren 17ra bitartean, hilabetero film bana ari dira pantailaratzen Golem Yamaguchi zinema aretoan, eta gaur, Montxo Armendarizek zuzendutako Obaba (2005) emango dute.

Lurraldeko euskarazko zinemari eta egile nafarrei ikusgarritasuna emateko asmoz, Nafar Ateneoak sei filmek osatutako ziklo berezi bat iragarri zuen 2022 urte hasieran. Hiru bloketan banatuta, Imanol Rayo zinemagileak euskaraz filmatutako Hil kanpaiak (2020) eta Bi anai (2011) eman zituzten urtarrilean eta otsailean; Bernardo Atxaga idazlearen obra abiapuntu izan duten lanek (Nafarroan errodatutakoak) osatuko dute bigarren emanaldi sorta; eta Montxo Armendariz zinema zuzendari beteranoak lurraldean errodatutako eta euskarara bikoiztutako ekoizpenek emango diote bukaera zikloari.