Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak ekainaren 2tik 26ra egingo du bere hamaseigarren edizioa. Aurten ere, herriko kaleetan euren lanak elkarbanatuko dituzten artista ospetsuak izango dira jaialdian, eta bere edizioa “gardena eta parte-hartzailea izango da, espazio publiko fisiko eta digitalean esku hartze eta erakusketekin”. Jon Uriarte hondarribitarra jaialdiaren zuzendari artistikoa izango da aurten ere.
Aurten, Imajinatu lelopean, jaialdiak “bizitzari zentzua emateko orduan irudimenak duen rola eta irudiek horretarako eskaintzen dituzten aukerak” aztertuko ditu.
Hogei artista inguruk (herrialde hauetakoak: Suitza, Bolivia, Mexiko, Erresuma Batua, Brasil, Kolonbia edo Turkia) beren obra erakutsiko dute beste hainbeste erakusketetan edo instalaziotan (gehienak aire zabalean) hiriko hiru ardatz nagusitan: Algortako erdigunean, Ereaga hondartzako pasealekuan eta Romo Kultur Etxean. Berrikuntza bat izango da aurten, izan ere Getxophotok beste hiru erakusketa areto gehitu ditu: Punta Begoña galeriak, Algortako kasinoa, eta Daduena etxeko fatxada (Portu Zaharrean). Getxophoto jaialdiaren ezaugarri nabarmenena espazio publikoaren defentsa sutsua da, topaleku, elkar ezagutzeko eta esperimentatzeko, jolasteko eta ospatzeko gune gisa.
Beste aldetik, jaialdiak Internet kultura bisuala garatzen den beste espaziotzat joko du eta, hori dela eta, programazio digital zehatza eskainiko du.
Gainera, Getxophoto jaialdiak genero berdintasunaren aldeko konpromisua hartu du, intersekzionalitatearen ikuspegitik. Generoa eta estu lotutako beste gai batzuk izan dira kontuan, hala nola klase soziala, adina, sexu-genero nortasuna, sexu orientazioa edo arraza.
Azkenik, jaialdiak hezkuntza programa partehartzaile irmoa du, eta hurrengo jarduerek osatzen dute: elkarrizketak, bisita gidatuak, aurkezpenak, esku-hartzeak, proiekzioak, tailerrak eta gaueko ibilbideak.