Kike Infame marrazkilariak Bilbo distopikoa dakar

FANT Zinemaldi Fantastikoak, Bilboko Udalak antolatuta, 28. edizioa ospatuko du maiatzaren 6tik 14ra, eta, gaur goizean, “Morirse en Bilbao” erakusketa aurkeztu du Barrainkuako Udaltegian.

Inaugurazio ekitaldi honetan Juan Mari Aburto Alkatea izan da buru, eta Kike Infame izan du lagun, erakusketaren sortzailea Señor Verde gidoilariarekin batera. Gainera, inaugurazioan parte hartu dute Gonzalo Olabarriak, Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Justo Ezenarrok eta Leire Artiguek, FANTen programazioko zuzendariak eta koordinatzaileak.

Morirse en Bilbao” fanzinea 2011n hasi zen zehazten, Señor Verde gidoilaria eta Kike Infame marrazkilaria Bilbon hainbat garaitan girotutako istorioak kontatzeko elkartu zirenean. Istorio horiek guztiek ezaugarri komun bat zuten: Hirian hiltzeko modu desberdinak erakusten zituzten. Istorio guztien artean, laster nabarmendu zen Bilboren etorkizuneko ikuspegi bat, eta, bost entregatan, hiri distopiko horren istorioak kontatu ziren, ondoren, liburuki autoeditatu bakar batean biltzeko. Liburuki horren izenburua “Morirse en Bilbao” da. Azaletan, komikietako estatuko autore batzuen laguntza izan zuten, hala nola Raquel Alzate, Álex Orbe, Víctor Santos edo Puño.

Morirse en Bilbao” delakoan, sortzaileek jendea 2136. urtean kokatzen dute, kasko polarrak urtzearen ondorioz Iberiar Penintsulako iparralde osoa urpean dagoenean. Baina Bilbo oraindik ere bada kristalezko kupula ultrarresistente eta iragazgaitz baten azpian. Kupula hori, ironikoki, Uriak mantendu du, azaleko ohiko eztanda nuklearretatik salbu. Hirian erabat gaizki bizi ez den arren, duela gutxi birus arriskutsu bat, Gargantua birusa, bere txokoetan eta elkarte gastronomikoetan zabaldu da eta, horren ondorioz, Bilbo koarentenan deklaratu dute.

Morirse en Bilbao” erakusketak Uriaren sormena erakusten du, gidoilari eta marrazkilariak beti ikusi baitute Bilbo edozein historia kontatzeko esparru ezin hobea dela.

Kike Infame (Infame & co) marrazkilaria Bilbao Egunkariko kolaboratzaile izan ohi da, eta, gaur egun, “Cien años de la Orquesta Sinfónica de Bilbao (BOS)” istorioa kontatzen duen komikia prestatzen ari da. Egile gisa, hainbat proiektutan parte hartu du, hala nola Astiberri argitaletxerekin (“El hombre que vino del cielo”) eta Dolmen (“Corina y el Pistolero”). Ikertzaile gisa ere lan oparoa egin du, “Komikia: el cómic vasco desde 1975”, Mikel Begoñarekin edo “Irudigileak, la ilustración en Bizkaia desde 1975” liburuak eginez, Álex Oviedorekin batera.

Sr. Verde gidoilariak jarduera bizia egin du kultur dinamizatzaile gisa. Musikari gisa hainbat taldetan parte hartu du: Reserva Dos edo Mapamundis, umorea eta eraginen koktel-eklektika erabiliz lana garatzerakoan. Hainbat libururekin ere egin du lan idazle gisa, “Los abrazafarolas del infierno” liburarekin, adibidez.

Erakusketara sartzea doakoa da, eta maiatzaren 14ra arte egongo da ikusgai, 08:30etik 21:30era.

Erakusketaren inguruko programazioa osatzeko, ostegunean, hilak 28, FANT jaialdiak Kike Infame eta Señor Verdek parte hartuko duten bisita gidatua proposatzen du, eta, ondoren, Señor Verdek kontzertua emango du Residence Café aretoan, 20:30ean.

Horrez gain, maiatzaren 4an, asteazkenean, “Un Bilbao para morirse: El botxo en la ficción” hitzaldia egingo da, Bizkaiko hiriburuak literaturan eta zineman duen irudia eta fikziozko generoetan duen presentzia ardatz hartuta. 18:30ean Joker liburu-dendan egingo den hitzorduan Kike Infame eta Señor Verde izango dira, Patricia Millán Molinuevo Radio Euskadiko “Pompas de papel” saioko kolaboratzaileak moderatuta.