2zio taldearekin Pausuz Pausu (2013), Bideak (2015) eta Orain eta hemen (2018) diskoak kaleratu ondoren, bakarkako bideari ekin dio Odei Barroso bertsolari eta rap abeslariak. Ibilbide berri horren emaitza dugu Terapia, gaur aurkeztu duen diskoa. Lan berri honek ez du orain arte plazaratutako lanen kutsurik. Izan ere, oraingoan rapa bai, baina bestelako doinuak ere gehitu dizkio diskoak biltzen dituen hamabost abestiei: trap edota drill erritmika. Hitzei dagokienez, gai unibertsalak, intimoagoak eta kritika soziala dira nagusi.
Rap abeslaria izatetik bere buruarentzako musika ekoizle izatera pasa da Urruñakoa eta berak eta Jo Olaskuagak osatzen duten Alkimia Prod-enak dira diskoan dauden musika ekoizpen guztiak. Sare sozialen bidez azaldu duenez, “lanketa berezia egin dugu soinu aldetik proposamen berri hau plazaratzeko. Instrumental, bisual, bideoklip… guztiak Alkimia Prod-ek sortuak dira”. Masterizazioa, berriz, Intelligence Audiok egin du eta Sebastian Roblinekin lan berezia eraman dutela nabarmendu du.
Abeslari lapurtarrak eman du diskoaren aurkezpen kontzertua Urruñan, gaur, berriz, Iruñeko Laba kulturguneko oholtzara igoko da. Maiatzerako ere baditu hainbat zuzeneko lotuta Arrasaten, Donapaleun, Baionan, Oñatin eta Zarautzen,
Disko fisikoa internet bidez eta zuzenekoetan salduko dutela ere iragarri du Barrosok.