Gluecifer taldeak kontzertua eskainiko du azaroan Bilbon

Gluecifer rock talde norvegiarrak kontzertua eskainiko du Bilboko Santana 27 aretoan azaroaren 17an, Europan zehar egingo duen biraren baitan, Last Tour konpainiak ostegun honetan jakitera eman duenez.

The Hellacopters, Turbonegro edota Backyard Babies taldeekin batera, azken hamarkadetako rock eskandinaviarraren izen handienetakoa da Gluecifer. Taldea 2005ean desegin zen arte, bost disko argitaratu eta Europa eta AEBetako hiri nagusietan aritu zen, 20 urtetik gorako ibilbidean.

Boskotea 2018an elkartu zen berriro, eta urte horretan Gasteizen izan zen, Azkena Rock Festival jaialdiko historiaren “kontzertu baloratuenetakoa” eskainiz.

Bada, zaleek Bilbon ikusi ahal izango dute berriro talde norvegiarra, azaroaren 17an Santana 27 aretoan eskainiko duen kontzertuan. Sarrerak apirilaren 25ean jarriko dira salgai, lasttour.org eta seetickets.com/es web orrietan.