J Martina: “Gure kontzertuetan irmoak gara”

Ane eta Kattalin Barcena ahizpa larrabetzuarrek eta Javi Jorajuria barañaindarrak 2019an osatu zuten J Martina hirukotea. Lehen urtea kantak konposatzen eman ondoren, 2020an lehen abestiak zabaldu zituzten, eta, orain, lehen diskoa argitaratu berri dute. «Pop-trap» gisa definitzen dira, oinarri elektronikoak ahots melodikoekin uztartzen baitituzte.

Nola sortu zitzaizuen talde bat osatzeko ideia? 

Kattalin eta Ane ahizpak dira, eta txikitatik izan dute elkarrekin abesteko ohitura. Kattalinek eta Javik unibertsitatean ezagutu zuten elkar, Arte Ederrak ikasten. Harreman horren bidez, Kattalinek, Anerekin batera soinu elektronikodun talde bat muntatzeko gogoa zuenak, Javiri proiektu honekin hastea proposatu zion, honek musika ekoizpenean ezagutza batzuk baitzituen. 

Zer musika-esperientzia zenuten aurretik? 

Bai Kattalinek eta bai Javik talde ezberdinak izan dituzte J Martinaren aurretik, baina ez pop estilokoak; estilo punkarragokoak ziren, Kattalinen kasuan; eta ska motakoak, Javiren kasuan. Horiek izan dira, hain zuzen ere, azken urteotan Euskal Herriko musika panoraman presentzia handiena izan duten estiloak. 

Nola definituko zenukete zuen soinua? Eta zuen diskoa? 

Soinu garbia dugu, sinplea, barrokismo handirik gabea. Emakumeen ahots argi eta zuzenak. Azken batean, pop soinua. Diskoari dagokionez, gure musikaren eta Sahatsa Jauregi eskultorearen eskulturaren arteko diziplinarteko lana da. Musikalki estilo poperoa du, soinu elektroniko eta ahots melodikoekin. Album laburra da, sei abesti, baina unitate bat osatzeko nahikoak direla uste dugu, bai kontzeptualki, gure errealitateaz eta haren aurrean aurkezteko moduez hitz eginez, bai bisualki, Sahatsaren altzairuzko, kristalezko, ispiluzko eta egiturazko unibertsoari esker. 

Nola sortu zen ideia eta nola hasi zineten Sahatsa Jauregirekin lanean? 

Ane eta Kattalinen aitaren egungo bikotekidearen alaba da Sahatsa, eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. Bestalde, miresten dugun artista da, eta haren obra ezagutzen genuen. Elkarrekin zerbait egiteko ideia sortu zen, baina ez genuen argi zer. 

Eta zer deritzozue Sahatsak sortu duen lanari? 

Disko honetarako egin ditugun abestiak nahiko poperoak dira, eta Sahatsak sortutako eszenatokiek hautsi egiten dute horrekin, eta, era berean, abestiak osatzen dituzte. Sahatsaren kristalek, altzairuzko egiturek, ispiluek, objektu zilarreztatuek eta urreztatuek, gure gorputzekin batera, eszena artifizial eta arraro batzuk sortu dituzte. Probokatzaileak dira, batzuetan ironikoak ere bai, baina era berean gordinak eta serioak. 

Zuen kantuek ukitu malenkoniatsua dute, nostalgikoa. Zuen abestien letretan ikusten den bezain grisa al da gure existentzia? 

Pobreziaren areagotzea, eskubideen neurrigabeko urraketa, indarkeria matxistaren normalizazioa; gure ingurunearen ardatz diren fenomenoak dira, bai eta errealitate horretatik bizirik irauteko etsipena ere. Are gehiago, iraultzaileak izan zitezkeen iraganeko proiektu politikoen porrota ikusita, eta gaur egun argi dagoenean mahai gainean dauden politika instituzionalistak eta parlamentarioak direla bizi dugun egoeraren erantzule. Jendeak errazago irudikatzen du munduaren amaiera kapitalismoaren amaiera baino. Egoera honek gure bizitzetan sortzen duen miseria eta etsipenari kantatu nahi diogu, baina inola ere ez ikuspegi derrotista batetik edo no future batetik. Gure poetikaren eta musikaren bidez, etorkizuneko beste garai eta errealitate batzuk irudikatu nahi ditugu, eta errealitate hori eraikitzeko gogoarekin bat egiten duten egoerak sortu, nahiz eta asko esan. 

Duela pare bat hilabete arte singleak bakarrik argitaratu zenituzten. Orain disko bat argitaratu duzue. Zergatik? 

Gure abesti guztien artean batasun kontzeptual bat dagoen arren, abesti bakoitza banaka nabarmendu nahi genuen, gure ustez duen garrantzia eman, iruditeria propio batekin. Bakoitzari nortasun bat ematearen eta albumari osotasun bat ematearen arteko oreka bilatzen saiatu gara. Egia esan, ez dugu zalantza handirik izan, hasieratik ikusi genuen, nahiz eta oso ohikoa ez izan, horrela izan behar zuela. Disko honekin, irudikatzen gaituen soinu bat aurkitu dugula uste dugu, baina horrek ez du esan nahi konformatzen garenik, esperimentatzen jarraituko baitugu. 

Eta nola egin dira grabazioak? 

Grabatu ditugun abesti guztiak, baita azken disko hau ere, Tobby Recordsen grabatu ditugu, Javi taldekideak eta Nikok ekoizpenean laguntzen digun estudioan. Albumaren aurreko abestiak grabatu genituenean, estudioa ez zegoen amaituta, eta hainbat lekutan grabatu behar izan genituen: etxean; armairu barruan; lokaletan; etab. Askotan, nahiko modu deserosoan. Album hau grabatu genuenean, Tobby Records estudioa prest zegoen eta han grabatu ahal izan genuen; mendian dagoen estudio bat da, eta egun batzuk hartu genituen lasai eta presarik gabe grabatzeko. 

Nolakoak zarete eszenatoki baten gainean? 

Irmoak gara, batzuetan nahiko genukeena baino hotzagoak, baina publikoak feedback positiboa ematen badu, berehala etortzen gara gora. Eszenatokian egoteko modu zuhur hori, ziurrenik, gure lehen kontzertuak pandemian eman genituelako eta publikoaren egoera berezia izan delako da.