Euskararen herria bizirik dagoela erakutsi du 22. Korrikak

AEK-k atzo Donostian agur festa jendetsu eta hunkigarriarekin bukatu zen Korrika “oso garrantzitsuaren” balorazioa egin du. 2024ko martxoaren 14tik 24ra izango da hurrengo Korrika, 23.a.

“Mundiala, epikoa” izan da 22. Korrika, igandean Donostian bukatu zena, AEKren, euskararen aldeko lasterketaren antolatzailearen, ustez. “Korrika tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko da euskararen auzian urrats eraginkorragoak eman daitezen”, adierazi du AEK-k ohar batean, hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu duen ekimen hunkigarriaren balorazioa egiteko.

Koronabirusaren ondorioz urtebete geroago izan bada ere, egin egin da Korrika, martxoaren 31tik atzora arte, eta, Asier Amondo Korrikaren arduradunak gaur Donostian egindako agerraldian esan duenez, “azken egunotakoa itzela izan da, maila bat gora egin dugu”: “Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepideetan gertatu dena zinez indartsua izan da, eta Korrikaren helburuetako bat guztiz lortu da: euskararen aldeko kontzientzia, herri-gogoa, hauspotzea”.