Getxo Jazzaldiaren 45. edizioko ordainezko kontzertuetako artisten zerrenda osatuta dago. Ron Carter kontrabaxu-jotzaile ospetsua, 3.500 grabazio baino gehiago dituen jazzaren kondaira, eta Melissa Aldana saxofonista dira jaialdiaren egitarauri gehitu zaizkion azken izenak. Horiez gain, pasa den astean iragarri ziren Cyrille Aimée, Fred Hersch, Gonzalo Rubalcaba eta Aymée Nuviola ere arituko dira Getxon. Saioa nagusiak ekainaren 29tik uztailaren 3ra izango dira Muxikebarrin eta horietarako sarrerak maiatzaren 2tik aurrera izango dira salgai maiatzaren 2an hasita Getxoko Kultur Etxeko ohiko saltokietan.
Ron Carter
Sei hamarkada baino gehiagoko ibilbide luzearekin, Ron Carter (1937; Fermdale, Michigan) jazz-eszenako baxu-jotzaile bikainenetako bat da, eta azken sei hamarkadetako generoko artista ospetsuekin aritu da. Musikarien familia batean jaioa, instrumentu ugari ikasi zituen, baina kontrabaxua aukeratu zuen bere lagun banaezin gisa. Bere ibilbidea kolaborazio bikain eta emankorrez betea dago jazzaren maisu ugarirekin: Bill Evans, Cannonball Adderley, Randy Weston edo Jaki Byard konpositorearekin. Arrakasta Miles Davisen boskote bikainean (1963-68) sartzean etorri zitzaion, Herbie Hancock pianistarekin eta Tony Williams bateria-jotzailearekin batera atal erritmikoa osatuz, jazzaren historiara igaro den talde batean.
Milesen taldea utzi ondoren, ibilbide pertsonal bati ekin zion, eta, horri esker, berrogeita hamar disko baino gehiago grabatu ditu bere izenean, berak gidatutako saioetan edo hainbat musikarirekin lankidetzan. Horrez gain, artistaren dimentsioaren erakusgarri dira eginiko estudioko 3.500 grabazioek. Bere ibilbidearen beste une garrantzitsua izan zen VSOP taldearekin aritu zen garaia, Miles taldearen ideia musikalei heldu ziena, Freddie Hubbard, Wayne Shorter, Herbie Hancock eta Tony Williamsekin bat egin zuela. Aipagarria da, halaber, Sonny Rollins, McCoy Tyner eta Al Fosterrekin sortutako laukotea. Getxoko Jazzaldian uztailaren 2an arituko da, Rene Rosnes (pianoa), Jimmy Greene (saxoa) eta Payton Crossleyrekin (bateria) joango da.
Melissa Aldana
Melissa Aldana (1988; Santiago, Txile) Hego Amerikako jazzean sortu den etorkizun handiko artista nabarmenetariko bat da. Jazz artista handien artean hazi zen, esaterako, Marcos Aldana bere aita, Joe Lovano edo Greg Osbyrekin. 2013an, Thelonius Monk Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen lehen artista hegoamerikarra izan zen, eta 2020an Grammy sarietarako izendatu zuten, Jazz Solo inprobisatu onenaren atalean, Elsewhere (2019) diskoaren barruan Getxon, Melissa Aldana (saxo tenorea) laukote formatuan arituko da Lage Lund (gitarra), Pablo Menares (baxua) eta Kush Abadeyrekin (bateria) batera ekainaren 29an.