Karmele Jaio: “Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik”

Korrikaren 22. edizioak amaiera beroa izan du igande eguerdian Donostiako Bulebarrean. Udaberriko eguraldi epelak ez ezik, milaka herritarren txalo eta emozioz beteriko euskararen aldeko oihuek ere besarkatu dute ekimena bere azkenengo metroetan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako haur, nerabe, gazte, heldu eta adinekoak bertan izan dira, urtebete atzeratu behar izan zen Korrikari berezi honi laister arte esateko, hamaika egun eta hamar gauren ostean.

Karmele Jaio da Euskal Herriko 2.575 kilometro bisitatu dituen mezuaren egilea, baita Bulebarrean idazkiaren irakurketa egin duena ere. Korrikak “hizkuntza zerbait fisikoa bihurtzeko ahalmena” duela azpimarratu du. Teorikoki babesteaz gain, bizirauteko, erabileraren garrantzia gogorarazi duen metafora ere aipatu du; “behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz bustitzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea. Zikindu dezagun, beraz, euskara; lohitu dezagun bizitzaz”.

Euskararen aldeko defentsan etiketak alde batera uzteko gonbidapena ere luzatu die herritarrei. “Ahaztu ditzagun behingoz euskaldun berri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, denok garelako euskaldun berri”, adierazi du Jaiok.

Azkenik, euskara euskaldunon nortasunaren parte bat dela sinesteko ordua dela goraipatu du, “ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik” dioen sinesmenarena, idazle gasteiztarraren esanetan.