Pezeteagatik, durorik ez! Sopelako AEK-k iragarri du jada aurtengo Esaera Zaharren Txapelketa zein egunetan izango den: apirilaren 25a da aukeratutako data, denbora nahikoa, beraz, ikasten hasteko! Izena emateko epea, ostera, apirilaren 20an amaituko da. Parte hartu gura duten lagunek bi, hiru edo lau laguneko taldeak osatu eta hamar euro ordaindu beharko dituzte. Antolakuntzari taldearen izena, kideren baten telefono-zenbakia edota posta elektronikoa helarazi beharko diote e-postaz edo telefonoz.
Urtero legez, parte-hartzaileek 100 esaera zahar ikasi beharko dituzte apirilaren 25a baino lehen. Izan ere, txapelketaren gakoa honakoa da: bertsolariek hainbat bertso botako dituzte, eta taldeek asmatu beharko dute zein esaera zaharrari dagokion bertso bakoitza. Hori bai, ez dago esaerak edozein modutara esaterik, zerrenda ofizialean agertzen diren modu berean (hitzez hitz) adierazi behar da esaera bakoitza.
Txapelketak saio bi izango ditu: eguerdian kanporaketak izango dra, eta arrastian, finala. Iaz legez, bazkaria Ander Deuna ikastolan izango da (txartel bakoitzak 20 euro balio du). Arrastian Nerea Ibarzabal eta Aitor Sarriegi izango dira bertsolari gonbidatuak. Eta gogoratu: azeri zaharrak tranpan txiza!