Melendi, Nil Moliner, Arnau Griso, Stay Homas, Nogen eta Bulego artista eta taldeak izango dira Donostia Festibalaren aurtengo edizioan. Irailaren 16an eta 17an izango da ekitaldia, Donostiako Hipodromoan, hasierako formatua berreskuratuta.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hasteko, Espainiako pop-rock erreferente handienetako bat izango da Donostian, Melendi asturiarra, hain zuzen, estudioan grabatu duen hamaikagarren lana aurkeztera: ‘Likes y Cicatrices’.
Halaber, Nil Moliner artista hasiberri geldiezina, Veintiuno laukote gaztea, Marlon hirukoa, Arnau Griso bikotea eta Stay Homas taldea ere izango dira Donostia Festibalean. Euskal ordezkaritzari dagokionez, Nogen taldearen rock eta folk melodiak, Bulego taldearen pop erritmoak, Bengo oiartzuarraren ‘Kantu Bat’ edo ‘Denbora’ kanta ezagunak eta Andrea Santiago iruindarraren folk-rock eta pop alternatiboa entzungo dira Donostiako Hipodromoan.
Sarrerak ostiralean jarriko dira salgai, apirilaren 8an, www.donostiafestibala.com jaialdiaren webgunean eta seetickets.es/com web orrian, 38 euroko prezio berezian.