Leioako XXII. Umore Azokak 90 emanaldi izango ditu

Leioako XXII. Umore Azoka ohiko egunetan egingo da aurten, maiatzaren 19tik 22ra bitarte, pandemiaren eraginez data aldaketak eta ziurgabetasuna nagusi izan diren bi urteren ondoren. Guztira, 40 konpainiak parte hartuko dute, eta 90 ikuskizun emango dituzte Bizkaiko udalerriko kaleetan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, kalea sormenerako gune izan daitekeela ulertu eta kalean aritzearen aldeko apustua egiten duten konpainien erakusleiho bihurtu da Leioako Umore Azoka, eta gero eta gehiago dira beren lanak lehen aldiz erakusteko azoka aukeratzen duten konpainiak. Aurten, orotara, Umore Azokan parte hartzeko 550 eskaera jaso dituzte antolatzaileek (%15 Euskal Herrikoak, %55 Espainiako Estatukoak eta %30 beste herrialde batzuetakoak). “Zifra horiek pandemia aurreko edizioetan jasotakoak dakarzkigute burura, eta haiek baino hobeak dira, agian”, nabarmendu dute.

Guztira, 40 konpainia izango dira aurten Leioan, eta 90 ikuskizun eskainiko dituzte. Horrez gain, programak askotariko diziplinak izango dituela azpimarratu dute, besteak beste, dantza, zirkua, performanceak, clownak, instalazioak eta mota guztietako musika emanaldiak. Euskal Herriko 19 konpainiak parte hartuko dute: Dantzaz, Deabru Beltzak, Hika Antzerki Taldea, Trakamatraka, Harrobia Dantza, Eva Guerrero konpainia, Zanguango Antzerki Taldea, Markeliñe Antzerki Taldea, Jokai, Ertza Sorkuntza, Orain-Bi, Barsanti konpainia, Maitane Sarrale, La Trapecionista konpainia, La Pez, Demode Produkzioak, Rouge Elea, Erre Produkzioak & Arteka & Markarada eta Jon Zabal.

Gainerako taldeei dagokienez, 16 Espainiako Estatukoak izango dira (Andaluzia, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Galizia, Madril, Gaztela eta Leoi, Valentzia eta Balear Uharteak). Bestalde, Italia, Portugal, Frantzia, Txile eta Japoniako konpainia bana ere izango dira Leioan. “Ikuskizun horiek guztiek, bai eta aurreikusitako jarduera guztiek ere, hala nola hitzaldiek, jardunaldiek, liburu aurkezpenek, ‘Umore Meetings’ delakoek eta negozio bilera azkarrek, kaleko arteen erdigune bihurtuko dute Leioa, eta barreak eta bizitza itzuliko dituzte herriko kaleetara”, nabarmendu dute.