2022ko apirilaren 6tik aurrera “Agerikoaren eta ikusezinaren artean” erakusketa ikusgai egongo da Bilboko Arte Eder Museoan. Erakusketa honek agerian uzten du lankidetza horren arrakasta, urte horietako zaharberritze seinalatuenen xede izan diren obren multzo zabala bertan bilduta. Lan horien guztien artean, erakusketan bereziki nabarmendu nahi izan dira 2021eko programan tratatu diren piezak.
Museoko Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak 1975ean hasi zuen bere ibilbide jada luzean egindako lan bikaina haren esku-hartzeen emaitzetan beretan islatzen da, bai obrak berak behatzean, bai aplikatutako tratamenduei eta aldez aurretik egindako ikerketei buruzko dokumentazioa ikustean egiazta daitekeenez.
Dokumentuak aztertuz eta analisi zientifikoko teknikak aplikatuz, obretako bakoitzaren historia materialari buruzko informazio garrantzitsua lor daiteke. Argi ultramoreak gainazalari buruzko datuak ematen ditu; erreflektografia infragorria pintura geruzaren maila sakonetara iristen da; erradiografiak egitura eta eraikuntza alderdiak bistaratzen ditu, eta azterketa estratigrafikoak pintura materiaren ezagutzan sakontzen du. Sarritan, gainera, pigmentuen, karga materialen, aglutinatzaileen eta bernizen izaerari buruzko analisi kimikoak egiten dira. Era berean, mihise gisa erabilitako ehunak, euskarrien zurak eta eskultura materialak ere aztertzen dira.
Informazio horrek guztiak diziplinarteko ikuspegi bat eskatzen du, aztergai diren obren kontserbazio egoera ebaluatu, balizko patologiak diagnostikatu eta tratamendu egokiak zehazteko. Gainera, artistaren modus operandira hurbiltzeko aukera ematen du, bai eta alderdi estilistiko eta kontzeptualak aztertzeko ere, eta horrek informazio baliotsua ematen du, adibidez, ondasun kulturalak datatzeko orduan. Hala, Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak laguntza handia ematen du, bai artelanak aztertzeko orduan, bai ezagutza hori jendearen eta, jakina, komunitate zientifikoaren artean zabaltzeko orduan.
Bere bildumaren berezitasunak direla eta –zabaltasun kronologikoa, askotariko objektu artistikoak–, Museoak beharrezkoak ditu aldez aurreko azterketa eta analisi espezializatu horiek, baita zaharberritzaile adituen esku trebeak ere, bertako pintura, erretaula, tailu polikromatu, marfilezko eta zurezko eskultura, zeramika eta esmalte, estanpa eta akuarelei –erakusketa honetan ikusgai diren teknika eta euskarrietako batzuk dira horiek– dagokien tratamendua emateko. Horrek guztiak agerian uzten du oso langile gaituak behar direla artelanak behar bezala kontserbatzeko eta, hala badagokio, zaharberritzeko.
Hala, 2013 eta 2021 bitartean zaharberritu diren obrak, hala nola bildumarentzat hain garrantzitsuak diren Pere Nicolau, Jan Mandijn, Pieter Fransz de Grebber, Ignacio Zuloaga, Balerdi, Isabel Baquedano edo Vicente Ameztoyren margolan batzuk, beste prisma baten pean erakusten dira orain, historian zehar egin zaizkien kontserbazio eta zaharberritze esku-hartzeak –ikusezinak horietako asko–, hots, haien historia materiala, agerian jarrita.
Lan horiei guztiei, joan den 2021ean zaharberritu direnak gehitu behar zaizkie erakusketa honetan. Lan aipagarriak dira denak: Ángel Larroqueren Amatasuna (1895) ospetsua, italiar egile ezezaguna duen XVI. mendeko marfilezko gurutze bat –Larrea Gayarre familiaren dohaintza, eta orain lehen aldiz aurkezten dena–, eta Agustín Ibarrolaren Gernika mural enblematikoa eta haren familiak dohaintzan emandako beste bi lan, besteak beste, 32. aretoan ikusgai daudenak. Beste batzuk ez dira hain ezagunak, hala nola Marta Cárdenas margolari donostiarraren Lautada udaberrian (1987) triptikoa, 2020an Museoaren Lagunen ekarpenekin eskuratua.