Artoteka, arte garaikideko obren mailegua bultzatzen duen plataforma

Publikoak erabakitzen du zer obra eta zergatik eraman nahi duen etxera edo lan espaziora

Artotekak, artisten eta herritarren artean artelanak mailegatzea eta jarduerak bultzatzen dituen lehenengo plataformak, martxoaren 17an aurkeztu zuen “Artoteka” erakusketa, bilduma berriko obrekin eta artista berrien piezen aurkezpenarekin. Erakusketa hau apirilaren 13ra arte egongo da zabalik Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoan, eta jendeak aukera izango du aurkeztutako obrak maileguan hartzeko.

Eta zer da Artoteka? “Publikoak erabakiko du zer obra eta zergatik eraman nahi duen etxera edo lan espaziora, obra horiek hartuko ditu eta haiekin biziko da, eta, gainera, askotan, egilea ezagutzeko aukera izango du. Oso interesgarria iruditzen zaie hiru hilean behin artista berri bat ezagutzeko aukera; jende askok ulertzen du artea abiapuntu duen aktibismo bat dela, tokian tokiko sorkuntza testuinguruari laguntzen diola; beste pertsona batzuei asko gustatzen zaie bestela eskuratzea ezinezkoa izango litzaiekeen lanez gozatu ahal izatea, eta, gainera, hiru hilean behin aldatzea. Kasu batzuetan, etxeko espazioa beste ikuspegi batzuetatik berraurkitzeko aukera bat da, eta, obren bidez, beste lotura batzuk ezar ditzakete. Harrera oso ona izaten ari da, baina beti kostatzen zaigu pentsamoldea eta dinamikak aldatzea. Asmoa da jarduera hori gure eguneroko bizitzan sartzea, beste elementu bat bezala, Netflix-erako harpidetza bat bezala”, Laura Díezek, Artotekako koordinatzaileetako batek, plataformaren funtzionamenduari buruz azaldu duenez.  

Arte garaikidea herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzeko asmoz, Artoteka Reshape Europako proiektuaren prozesutik sortu zen 2021eko urtarrilean; honako hauek parte hartzen dute proiektu horretan: SareanKarraskan eta Wikitoki. Artelanen mailegua, eskola tailerrak eta tokiko artistekiko bitartekaritza eskaintzen dituen plataforma bat da, eta helburu du artea publikoari hurbiltzea eta kultura sustatzea. “Gure asmoa da artelan garaikidea herritarrei hurbiltzea, arteaz etxean edo espazio intimo edo partekatuetan gozatzeko beldurra kentzea, bitartekaritza artistikoaren bidez artisten esanahiak, jakintzak eta praktikak erraztea eta bistaratzea, portaera sozialak aldatzeko. Artisten tailerretan gordeta dauden artelanen garrantzia azpimarratzea eta artelanok mugitzea”, Oihane Sánchez erakusketaren antolatzaileak eta Artotekako artistetako batek adierazi duenez. 

Artotekaren lana herriko artisten artelanen bilduma bat prestatuz hasten da. Ondoren, artelan horiek jendaurrean aurkezten dira, eta jendeak aukera dauka etxeetan, lantokietan edo beste espazio batzuetan jartzeko maileguan alokatu nahi dituzten piezak aukeratzeko, gutxienez hiru hilabetez. Azkenik, plataformak bitartekaritza jarduerak diseinatzen ditu interesdunaren, artistaren eta espazioaren beharren arabera, eta obren garraioa eta muntaketa gainbegiratzen ditu.  

Laburbilduz, Artoteka arte bildumazaletasunaz aldez aurretik genuen ideia eraldatzeko asmoarekin sortu zen. Eta hori guztia, arrazoizko prezioetan. “Obra horietakoren bat gustuko baduzu, hilean 50 euro bakarrik ordainduta eraman dezakezu etxera. Gainera, mailegua luza dezakezu, obra alda dezakezu eta, are gehiago, erosi egin dezakezu”, gaineratu du Iranzu Guijarrok, Artotekako beste koordinatzaileetako batek.  

Plataformaren funtzionamendua oso erraza da: erabiltzailea –partikular bat edo enpresa bat– web orrian sartuko da, nahi duen obra artistikoa aukeratuko du, dagokion formularioa beteko du, kontratua sinatuko du eta obra etxera eraman ahal izango du. Alokairu denbora igarota, erabiltzaileak obra itzuli beharko du, eta beste bat alokatu ahal izango du.  

Artoteka osatzen duten hamazazpi artistak zenbait gaien inguruan egituratzen dira: ekologia eta natura, identitatea eta memoria, teknologia kritikoa edo eguneroko bizitza. Horietako hamabost UPV/EHUko ikasleak eta graduatuak dira, hala nola Maite Pinto, Adrián Piedra eta Oihane Sánchez. Artoteka osatzen duten hiru artista horiek, beherago, plataforma horretan lan egitea nolakoa den eta Barakaldon hilaren 13ra arte ikusgai egongo den erakusketatik zer espero daitekeen kontatuko digute.  

Adrián Piedra eta Maite Pinto plataformak herritarrei egiten dizkien bi deialdiei esker sartu ziren Artotekan. Hala, Adrián Barakaldoko artistei zuzendutako deialdi baten bidez batu zen taldera, eta Maite, berriz, gaur egungo bilduman sartu zen, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleei zuzendutako deialdiaren bidez. “Aukera bikaina izan da karrera amaitu ondoren lehen urratsak egiten ari garenontzako. Eta ez hori bakarrik, baita gure obra ezagutarazteko, mugitzeko eta artearen mundutik kanpoko jendearengana iristeko ere”, Adrianek eskertu duenez.  

Martxoaren 17tik aurrera irekita dagoen “Artoteka” erakusketan, bildumako hamazazpi artistetako bakoitzaren lan bana ikusi ahal izango da. Ekimen hau Gazte Artea Ezkerraldearen eta Artoteka plataformaren arteko lankidetzaren emaitza izan da, eta ezkerraldeko udalen Gazteria arloek bultzatutako lehen ekimena izan da. Erakusketaren helburua bertako artisten lanak integratzea da, eta horiek zabaltzea eta egileak profesionalizatzea.  

Laster, Balmasedan  

“Erakusketa hau bildumako beste artistak aurkezteko modu egoki bat da. Jendeak obrak gozatzea eta Artotekak eskaintzen duen zerbitzuan parte hartzeko gogoa izatea espero dut”, aipatu du Maite Pintok Irlandatik. Artotekako taldearengandik jasotako laguntza eta erraztasunak eskertu ditu, gainera. Adrián Pintok ere taldearen ahalegina eskertu du, eta ez du zalantzarik: Erakusketa bere lanak ezagutarazteko modu egokia da. “Erakusketa honetatik espero dugu herriko jendeak Artotekaren lana ezagutzea, eta jakitea etxean artelanak izateko aukera inoiz baino gertuago duela. Inguruko jendeak egin ditu, mundu honetan aurrera egiten ari den jendeak”, gaineratu du.  

Oihane Sánchez UPV/EHUko irakasle, egile eta antolatzaileak espero du, honelako ekimenen bidez, Artotekak balio izatea artea deszentralizatzeko eta artea erakusteko pentsatutako zirkuituekin lotuta ez dauden udalerri eta testuingurutara eramateko. Erakusketak arrakasta izango duela uste du, eta gehitu duenez: “Besteak beste, kalitate handiko sorkuntza garaikideaz gozatzeko aukera dago bete-betean lanean dauden bertako artisten eskutik. Barrura begiratu nahi dugu, kanpora baino gehiago, inguru hurbileko artista eta hizkuntzekin lan egin, beste latitude batzuetan indarrean dauden formatuak kopiatu baino gehiago”.  

“Gehiago antolatzea planteatzen dugu, eta, hain zuzen ere, laster proposamen bat egingo dugu Balmasedan, baina gure asmoa erakusketa formatutik ateratzea da, artelanek artearekin zerikusirik ez duten beste espazio batzuk har ditzaten. Ziur aski, etorkizun hurbilean, aurkezten ditugun lanak martxan ikusi ahal izango dira udalerrietan; obra batzuk ikastetxe batean ikusiko dira, beste batzuk egoitza batean, beste batzuk osasun zentroan, beste batzuk kiroldegian. Artea erakusketa ikustera berariaz hurbiltzen ez diren beste publiko batzuetara eramango da; hau da, lanarekin ustekabean egingo dute topo”, esan du amaitzeko Laura Díezek.