Gure Zirkuak Durangon ekingo dio bira berriari , maiatzaren 6an

Gure Zirkuak Durangon ekingo dio bosgarren birari, eta maiatzaren 6an jarriko du martxan, lehenbiziko aldiz Bizkaia izanik abiapuntu. Lehen hamar emanaldietarako sarrerak salgai daude jada, www.gurezirkua.eus webgunean.

Gure Zirkuko arduradunek adierazi dutenez, “luze bezain arrakastatsua” joan zitzaien iazko bira, bederatzi hilabetetan 176 emanaldi eskainita. Orain, negua atseden hartzeko baliatu ondoren, taldea prest da 2022ari ekiteko. Gainera, pandemiaren okerrena atzean geratu delakoan, “guztia emateko asmotan” itzuliko da Gure Zirkua.

Covid-19a dela-eta aurreko bi urteetan izan diren murrizketa eta bestelako gorabeherak atzean utzita, “gogo biziz eta indarberriturik” aterako da errepidera euskal zirku ibiltaria. Horrela, lehen berrikuntza da lehenbiziko aldiz Bizkaian abiatuko duela taldeak bira, Durango izango baitu abiapuntu jada bosgarren bira izango denak, mjaiatzaren 6an.

Gainera, datozen hilabeteetan Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoa du Gure Zirkuak, “orain arte bisitatu gabeko eskualdeak zapalduz eta tartean zirkurik sekula ikusi gabeko herrietara iritsiz”. Bada, Gure Zirkuak iragarri ditu 2022ko birako lehen hamar emanaldiak. Durangokoko Otamotzena parkean izango dira, maiatzaren 6an (19:00), 7an (16:30 eta 19:00), 8an (12:00 eta 18:00), 13an (19:00), 14an (16:30 eta 19:00) eta 15ean (12:00 eta 18:00).