Kaldearte Gasteizera itzuliko da ekainaren 10etik 12ra

KaldeArte Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldiaren XVI. edizioa 2022ko ekainaren 10etik 12ra egingo da. Kultura Zerbitzuak nazioko eta nazioarteko 30 konpainiaren 56 ikuskizun programatu ditu guztira egun horietarako.

“Ohiko agertokiak eta azken 15 urteetan Kaldearte hain ezaguna egin duen programazio-eskema berreskuratuko ditugu.  Gure hirian kaleko arteen eta kulturaren alde egindako apustu ausarta da, baina, hala ere, pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Proposamen nabarmengarrienetako bat Nicole et Martin zirkua da, zeina 2022ko ekainaren 9tik 12ra ikusi ahalko baita Musikaren ibilbidean, Zulueta jauregiaren ondoan.

Suitzako antzerki-konpainia independente horrek 22 urte daramatza munduan barrena bidaiatzen eta bere sorkuntzekin publiko guztiak liluratzen. Haien sorkuntza lanek oso modu berezian uztartzen dituzte kontakizunak, zirku-saio ikusgarriak, gorputz adierazpena, dantza eta musika samurra, eta sari ugari irabazi dituzte. Antzerki-unibertso poetiko eta ahaztezina adin guztietarako, karpa biribil ikusgarri batean.

Nicole eta Martinek lau emanaldi eskainiko dituzte guztira: ekainaren 9an (osteguna), ‘Los músicos de Bremen’; ekainaren 10ean eta 11n, ‘Wasilisa’, eta hilaren 12an (igandea), ‘El pescador y su mujer’.

‘Los músicos de Bremen’ lanak lau animaliaren istorioa kontatzen du: astoa, txakurra, katua eta oilarra, guztiak ere oso zaharrak beren jabeen begietan; horregatik, ihes egingo dute elkarrekin, Bremen hirira iristeko asmoz.

‘Wasilisa’ herri-ipuin errusiarra da. Neskatila batek, ausardiaz eta amak hil aurretik eman zion panpina baten laguntzaz, zailtasunei aurre egitea lortzen du.

‘El pescador y su mujer’ lanak, berriz, arrantzale pobre baten istorioa kontatzen du. Arrantzalea itsasoaren ondoan eseri da, erabaki bat hartzeko zain. Bat-batean, arrain batek kosk egiten dio amuari. Arrain magikoa da, eta bere nahiak beteko dituela hitzematen dio arrantzaleari, haren bizitzaren truke.

Sarrerak dagoeneko salgai daude www.nicole-et-martin.ch web-orrian.