Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak ‘Eztabaidak Literaturarekin’ zikloaren beste topaketa bat egingo du datorren asteartean, apirilaren 5ean, eta Jon Maia eta Onintza Enbeita bertsolariak bertsolaritzaren eta literaturaren arteko haremanaz arituko dira.
ETB1eko ‘Artefaktua’ programaren aurkezle Yolanda Mendiola izango da moderatzailea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, besteak beste, bertsolaritzak euskal literaturan duen eragina, literaturak bertsoak sortzeko balio duen, eta irakurleek edo entzuleek sormen lana baldintzatzen duten aztertuko dute Maiak eta Enbeitak. Topaketa 19:00etan hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko areto nagusian.
Sarrera doakoa eta librea izango da, aretoko eserleku guztiak bete arte. Bertaratzerik ez badago, ‘streaming’ bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean. Musukoaren erabilera derrigorrezkoa da oraindik.