Gasteizko Udal Liburutegi Sareak ‘Liburu Egunak’ ekimena antolatuko du berriro, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, eta jarduera programa oparoa eskainiko du apirilaren 5etik 26ra, hala nola Miren Agur Meabe, Mikel Santiago, Txani Rodriguez, Julio Llamazares, Isabel Martin eta Eider Rodriguez idazle ezagunen bisitak. “Goiuri jauregia letren eta literaturaren egoitza izango da berriro apiril osoan zehar, osasun egoerak horretarako bide ematen baitu.
Programaren helburua da kulturaren eta herritarren arteko topaketareko aukera ematea, irakurketaren, liburuen eta ikuskizunaren bidez, bai eta kultur espazioen sorkuntza sustatzea ere, irakurketaren ohitura eta kultura zabalduz”, adierazi du Estibaliz Canto Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. ‘Liburu Egunak’ programa datorren asteartean hasiko da, bihar, Miren Agur Meaberen ‘Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena’ hitzaldi eta errezitaldiarekin. Virginia Woolfen lanari keinu eginez, egileak sormenaren gela atontzeko bere modua azalduko du, hainbat urratsetan.
Teorizazio jolasa egin ahala, bere poemen pasarte batzuk irakurriko ditu. Ostegunean, apirilaren 7an Mikel Santiagoren txanda izango da, eta ‘Esta novela se autodestruirá en…’ solasaldi interaktiboa eskainiko baitu. Literatur sorkuntzari buruzko lantegia izango da, eta tentsioa sortzeko, aurrea hartzeko eta istorio batean jakin-mina sortzeko teknika nagusietara hurbilduko ditu bertaratutakoak.
Txani Rodríguez apirilaren 12an elkartuko da bere irakurleekin. Elkarrizketa intimo eta pertsonal baten bidez, Aratz Goikoetxea kazetariak idazlea aurkeztuko du, haren idazteko modua eta liburu berrietarako gaiak aukeratzeko estrategiak azalduz. Apirilaren 21ean Julio Llamazares izango da Gasteizen, ‘Primavera extremeña: Apuntes del natural’ liburua aurkezten. Itziar Perez Argomaniz kazetariaren eskutik, egilearen azken lana ezagutuko du publikoak, eta bere ibilbide luzean barrena murgiltzeko aukera ere izango du. Liburuaren Egunean, hau da, apirilaren 23an (larunbata), Isabel Martinek ‘Poesía de periferia para otros mundos posibles’ poesia eta kantu flamenkoko ikuskizuna eskainiko du, eta, bukatzeko, apirilaren 26an, Eider Rodriguezek bere azken liburua aurkeztuko du ‘Eraikuntzarako materiala deseraikitzen’ izenburuko solasaldian, Patxi Zubizarretarekin batera.