Gasteiztik igaroko da Korrika gaur

Gaurkoan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba zeharkatuko ditu 22. Korrikak. Arratsaldetik gau aldera arte, Gasteizen ibiliko da Korrika.

Atzo arratsaldean Amurriotik abiatu zen 22. Korrika, eta gelditu gabe dihardute korrikalariek “HitzEkin” leloa herriz herri eramanez. Lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramango dute, helmugara arte ezkutuko mezua barruan gordeta duela.

Aiaraldea eta Enkarterri aldetik ibili ziren atzokoan, eta gaurko ordu txikietan Hego Uriben sartu dira. Durangaldean ere izan dira goizaldean; Abadiño eta Elorrio artean direnean irtengo da eguzkia.

Bizkaia atzean utzita, Eibartik sartuko da Korrika Gipuzkoara, 09:30ean. Debabarrena eta Debagoienetik ibiliko dira eguerdi aldera arte, Elgoibar, Soraluze, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza aldean.

Ondoren, hirugarrenez zapalduko dute korrikalariek Araba, Legutiotik hasita. Arratsaldean iritsiko dira Gasteizera, Bergarako atea kaletik. Hiriburuko erdialdetik ibili ostean, 21:00ak aldera Elorriagako atea kaletik aterako dira. Apirilaren 2ko ordu txikietan, Nafarroara helduko dira, Sakanan barrena, Olazagutia, Bakaiku, Etxarri Aranatz eta Uharte zeharkatzeko.