Bilboko Euskararen Etxea irekita egongo da apirilaren 11tik 23ra bitarte (17an eta 18an izan ezik), eta, Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa bisitatzeko ohiko aukerarekin batera, haur, familia, heldu eta aisialdi taldeei zuzendutako jarduerak eskainiko ditu.
Heldu eta gazteen eskaintzari dagokionez, Euskararen Interpretazio Zentroan euskararen historiari eta egoerari buruzko informazio “interesgarri bezain baliagarria jasotzen da”, eta “modu atsegin eta erakargarrian” euskarari buruzko zehaztasunak ezagutzeko aukera dago. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez bisita daiteke zentroa, eta doako bisita gidatuak eskaintzen dira.
Bakarka edota taldean bisita daiteke, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Halaber, ‘Euskal Alien Nazioa’ ihes gelan, euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko dute parte hartzaileek aretotik atera ahal izateko. Arratsaldez eskainiko da, bi txandatan: 16:15etik 17:15era eta 17:45etik 18:45era.
Bestalde, ume, familia, kuadrilla eta aisialdi taldeentzat ‘Hostopostoak’ ekimena izango da martxan Aste Santuan. Familiak, kuadrillak edo aisialdiko taldeak lau eta hamar urte bitarteko umeekin etortzeko proposamen dibertigarri eta hezigarria da.
Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da. Horretarako, mahai jolas erraldoi batez baliatuko da. Gauza berriak ikasi, jende berria ezagutu eta euskarara gehiago gerturatzeko aukera bikaina da. Goizez eskainiko da, hiru txandatan: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.