Bihar hasiko da Amurrion 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Arabako XV. Bertsolari Txapelketa Amurrion hasiko da bihar, apirilaren 1ean, eta sei bertsolarik parte hartuko dute lehen faseko lehen saioan. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragai.

Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, behin hasiera emanda, hurrengo bi asteburuetan jokatuko da lehen fasea bost saiotan. Amurrioko lehen saioaren ondoren, Biasterin, Trebiñun, Legution eta Langraizen izango dira norgehiagokak.

Amurriokoa lehenengo final zortzirena izango da, eta 20:00etan hasiko da, Kultur Etxean. Aitor Najera Saez de Vicuña, Eukene de los Aires Amundarain, Iñaki Viñaspre Simon, Paula Amilburu Izargarai, Unai Anda Delika eta Xabier Antia Zuaznabar arituko dira kantuan, eta gai emailea Nieves del Alamo Gil izango da.

Kantatuko duten bertsolarien artean aipatzekoa da 2019ko edizioko txapeldun Iñaki Viñaspre. Aitor Najera, Eukene de los Aires eta Xabier Antiak lehen aldiz kantatuko dute txapelketa honetan; Eukene De los Aires 2020 eta 2021eko Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolarteko txapeldunordea izan da. Unai Anda eta Iñaki Viñaspre 2021eko Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako finalista bikote izan dira.