Indarberrituta bueltatuko da Bilbo BBK Live Kobetamendiko agertokira uztailaren 7an, 8an eta 9an, birusak eragindako oztopoen ondoren. Asmo hori betetzeko, 15. edizioan ahalik eta kartel erakargarriena egiten ahalegindu dira antolatzaileak, nazinoarteko banda eta bakarlari famatuenak ekarrita. Kartela osatu dute azkenik, eta iragatzeko falta izan diren azken artisten berri eman dute.
Ehun izen baino gehiago ditu 2022ko kartelak, izar ospetsuekin hasi eta promesekin amaitu, jaialdiaren bereizgarri den aniztasun artistikoa finkatuz, diote bultzatzaileek.
Orain iragarritako izen berrien artean daude Londresetik datorren Nilüfer Yanya, Kelly Lee Owens, elektronika lantzen duten Daniel Avery eta James Greenwood. Estadu Batuetatik Snail Maila etorriko da eta Argentinatik, proposamen bikoitza: SIMONA eta WOS.
Rigoberta Bandini ere Kobetamendin izango da, baita Alizzz ere, azken hau disko berri eta guzti. Cariño, Mujeres eta Axolotes Mexicanos ere egitarauan sartu dituzte.
Egun bakoitzeko amaiera biribila izan dadin, saio bereziak izango ditu gauero BBK Livek: Topanga Kiddo, Brava eta Alvva lehenengo egunean; fiesta eklektikoa bigarrenean, Chico Blanco, 8kitoo, b2bbs eta Mareo protagonista direla; eta CHICA GANG-ek itxiko du jaialdia. Euskal taldeak ere ezin dira ahaztu: Bulego eta Silitiaren elektroeuskalrocka dira berrikuntzak.
Aurtengo edizioko kartelburuak LCD Soundsystem, Placebo, The Killers, Stromae, J Balvin eta Pet Shop Boys izango dira.
Bonuak 145 euroko prezio berezian egongo dira salgai apirilaren 28ra arte, eta epeka ordaintzeko aukera ere badago; bestalde, eguneko sarrerak ere salgai daude oraindik. Saldutako txartel bakoitzeko bost euro emango dituzte antolatzaileek Ukraina-Euskadi Garapenerako Lankidetzarako Elkartzearentzat.