Egun osoko jaia prestatu dute Amurrion Korrikari hasiera emateko

Dena dago prest 22. Korrikari hasiera emateko, eta egun osoko jaia prestatu dute Amurrioko eta Aiaraldeko herritarrek datorren ostegunean, martxoaren 31n, euskararen aldeko lasterketari ekiteko, arduradunek Gasteizen egindako agerraldian jakitera eman dutenez. 

Hasteko, txupinazoa izango da eta kale animazioarekin girotuko da Amurrio, eta goizean hainbat ekimenek alaituko dute eguna eguerdiaren aurretik. Parrillada antolatu da eta, era berean, herriko hainbat tabernatan bazkaltzeko aukera egongo da. 

Plazan izango da 22. Korrikaren hasiera ekitaldia, 16:00etik aurrera, Kaitin Allendek gidatuta eta Neomak taldearen parte hartzearekin. Mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakasleek egingo dute. 

“Korrika ekimen zirraragarria da eta, horrez gain, Korrikaren atzean euskararen, euskaldunen eta euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago. Ideia horrekin, eta sei lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena, eta bestetik, Amurrion euskalduntze lanak tinko aurrera egiteko Korrika hauspo izan nahi duela”, azaldu dute. 

Bizkaira bidean, lehenbiziko gauaren bila, Korrikak aurrera jarraitzen duen bitartean, Amurrion jaiak segituko du ostegunean hainbat kontzertu eta ekitaldi tartean. 

Horrela, Amurrio izango da osteguneko protagonista nagusia, bertako herritarrek eta udalak egindako lanari esker. “Hilabeteetako lana izan da, auzolan erraldoia, elkarlan handia burututa, eta ostegunerako Amurrio prest izango da 22. Korrikaren hasierara etorriko diren herritar andanari behar bezalako harrera egiteko”, adierazi dute. 

“Ohore handitzat” jo dute bertakoek Korrikaren hasiera izatea, Euskal Herriko 16 herrik baino ez dutelako hasiera ezagutu. Amurrioko Udalak eta AEK-k elkarlan hitzarmen sinatu dute, eta, bertako euskara zinegotziak Julen Sasiainek deialdi berezia egin du ostegunean denok Amurrion elkartzeko. 

Azkenik, gogorarazi dute 22. Korrikaren hasiera telebistan, Interneten eta irratian jarraitu ahal izango dela zuzenean, hainbat hedabidek egingo dituzten saioei esker.