Delirium Tremens, Zelanda, Rotten XIII, Zoo, Skabidean, Anari, Ibil Begi edota Sua izango dira Atarrabiako oholtzara igoko diren taldeetako batzuk.
Zerua (hel)muga lelopean dator uztailaren 29an eta 30ean Atarrabian antolatu duten Hatortxu Rock jaialdiaren edizio berezia. Antolatzaileen esanetan, “dispertsio politika salatzeko tresna berri bat izatea eta giza eskubideen urraketa suposatzen duen praktika honek dituen gastuak arintzea” izan zen duela 23 urte jai hau antolatzen hasteko xedea.
Bide horretan aurrera egiten ari direla nabarmendu dute. “Azken hilabeteetan aurrera pauso nabarmenak eman dira. Hainbestetan ikusi dugun dispertsioaren mapa hori asko murriztu egin da, buruz ikasitako espetxe zerrenda hori gero eta meheagoa da eta dagoeneko asko dira Euskal Herriko kartzeletan dauden presoak. Eta Euskal Herrian ez daudenak, gertuago daude. Hau, ezin da ukatu, lorpen garrantzitsu bat da. Garaipen bat. Baina lanean jarraitu beharra dago. Bidea luzea da”. Hortik dator, hain zuzen, antolatu duten ediziorako aukeratutako leloa.
Helburu zehatz bat markatzen duela diote. “Zerua. Zerua espetxeari lotuta asko aipatu den kontzeptua da. Urte asko zerua edo egun argia ikusi gabe eta halakoak. Presoek zeru edo zeru zati txiki asko ikusi dituzte azken hamarkadetan. Baina ez Euskal Herriko zeruak. Orain bai, Euskal Herriko zerua ikusten dute askok. Baina espetxean jarraitzen dute eta zerua bere osotasunean, leiho txiki batetatik eta inguratzen dituen pareta horiek gabe ikusi dezatela behar dugu. Hori da gure helburua. Hori da gure zerumuga. Hori da gure bidearen helmuga”.
Leloaz gain, mezu eta helburu horrekin bat egingo duten taldeak aurkeztu dituzte. Guztira 31 talde eta bakarlari igoko dira oholtzara.
Ostiralean Huntza, Gatibu, Deskontrol, Zoo, Brigade Loco, Skabidean, DJ Plan B, Anari, Zelanda, Gilipojazz, Sua, Badalonians Sound ft Harny Roots eta aurretik iragarritako Pleura, ETS eta The Baboon Show arituko dira. Larunbatean, berriz, The Lio, Delirium Tremens, Zetak, Antton Telleria, Ibil Bedi, Hammond York, La Mare, Lukiek, Selektah Stepi, CRIM eta aurretik iragarritako Non Servium, Stay Homas, Herdoil Rotten XIII eta Green Valley igoko dira oholtzara.
Bi gune ezberdinetan banatutako hiru eszenatokitan arituko dira taldeak, elkartasun asteburu berezi berri bati doinua jarriz.
Sarrerak Hatortxu Rocken webgunean eskura daitezke dagoeneko. Bi eguneko bonoak 55 eurotan eta ostiraleko zein larunbatekoak 30 eurotan.