The Man Who Sold His Skin (2020) filmak, Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarrak zuzenduak, emango dio hasiera datorren apirilaren 1ean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldiari. Udaleko Giza Eskubideen Atalak eta Donostia Kulturak antolatua da zinemaldia.
Ukraina, memoria historikoa eta babes-eskubidea gaietako batzuk izango dira zinemaldiaren film eta solasaldietan eta erakusketak ere eskainiko dira hiriko zenbait lekutan.
Mali Twist (2021) filmak, 2014an bere ibilbide osoagatik zinemaldi honek saritutako Robert Guédiguian marseillar beteranoak zuzenduak, emango dio azkena zinemaldiari apirilaren 8an, Victoria Eugenia Antzokian ere. Bertan ospatuko den galan aurtengo sari berezia jasoko du EFA Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak.
Filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira aurten. Bestetik, bi emanaldi izango dira Antzoki Zaharrean, bi pelikula Tabakaleran, baita ohiko kolaborazioa ere Kresala Zineklubarekin (Trueba zinema-aretoak). Aurten, 24 nazionalitateko 40 film (24 film luze eta 16 labur) proiektatuko dira guztira.
Urtero bezala, hiru film eskainiko dira hiriko ikastetxeetako ikasleentzat. Aurten, bi pelikula (Zutik! eta Tximinoen izarra) ikusi ahal izango dituzte online ikastetxean bertan; hirugarrena, Maixabel, Victoria Eugenia Antzokian proiektatuko da.
Gainera, 6 erakusketa eskaintzen dira zinemaldiaren programazioan.
Apirilaren 2an, Victoria Eugenia Antzokian, Giza Eskubideei aldeko Pedagogia-Baliabideen 4. Azoka egingo da, aurten Bizikidetzaren aldeko memoria lantzeko baliabide pedagogikoak oinarritua.
Bestetik, aurten, giza eskubideei buruzko Begira TÚ online jokoaren bigarren edizioa egingo da; Euskadiko GGKEn Koordinakundeak antolatua da eta proban jartzen du parte-hartzaileek arlo honetan duten ezagutza.
Programazio hau solasaldiekin osatuko da eta haietan parte hartuko dute filmen protagonistek, zinemagileek eta hizpide diren gai sozialetan adituek.
Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.
Sarrerak (5 €) salgai dira Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, eta Internet bidez.