Gasteizko Jazzaldiak bere esentzia berreskuratuko du aurtengo edizioan

Gasteizko Jazzaldiaren 45. edizioa uztailaren 12tik 17ra ospatuko da, nazioarteko musikarien presentziarekin eta programa zabal batekin. Horrela, Eliane Elias pianista, Snarky Puppy taldea eta James Brandon Lewis saxofonista iragarri ditu antolakuntzak.

 “Jaialdiak jazzaren zale guztiak elkartuko ditu berriz ere, gaurko figura sortuberriekin batera finkatutako interpreteen kontzertu ahaztezinak eskaintzeko ilusioarekin”, nabarmendu dute antolatzaileek. 

Bada, Gasteizko Jazzaldia “programazio sendoa” eratzen ari da Principal antzokiko arratsaldeko kontzertuekin eta Mendizorrotzeko kiroldegiko gaueko saio bikoitzekin. 

Mendizorrotza kiroldegia kontzertu handien lekuko izango da aurten. Horietako bat, Eliane Elias pianista brasildarrarena izango da: Chick Corea gogoraraziko du, iaz hil zen eta Gasteizko entzuleek gehien maite zuten musikarietako bat. 

Brasilgo interpreteak ‘Mirror mirror’ bere azken lana aurkeztuko du, Chick Corearekin eta Chucho Valdes kubatarrarekin grabatua. Diskoa 2022ko Grammy sarietarako izendatuta dago jazz latinoko disko onenaren atalean eta Eliane Eliasen “amets musikala” suposatu du, Corea beti bere eragin nagusietako bat izan baitzen. 

Eliane Elias (Sao Paulo, 1960) pianista moldakorra da, konpositorea eta abeslaria izateaz gain, eta jazz ortodoxoenari, musika klasikoari edo Hego Amerikako musika herrikoiari aurre egiteko gai da. Inprobisatzeko erraztasun handiz eta teknika bikaina erabiliz, omenaldia egingo dio Mendizorrotzeko agertokia hainbestetan azaldu zen Coreari. 

Halaber, Gasteizko 45. Jazzaldiko beste izen bat azken urteetako kritikarien zein zaleen zerrendetako buru izan den taldea da: Snarky Puppy. Txandaka 25 musikarik osatzen dute taldea, eta maila musikal handiko talentuak elkartzen ditu. 

Michael League baxu jotzaile eta konpositoreak sortu zuen taldea 2004an, eta Texaseko Iparraldeko Unibertsitateko Jazz Ikasketen programako lagun talde gisa bezala hasi zen. Hiru urte geroago, Dallaseko gospel eta R&B komunitatearekiko ustekabeko elkargune batek erritmo funkyagoak eman zizkion bere musikari. 

Arraza eta hizkuntza desberdinekin, Ipar Amerikako musika kulturak duen aukera zabala irudikatzen du taldeak. Royal Albert Hall aretoan emandako zuzeneko azken grabazioagatik, iaz album instrumental garaikide onenaren Grammy saria lortu zuen.  JAMES

BRANDON LEWIS

Bestalde, Gasteizko Jazzaldiak James Brandon Lewis saxo tenorea ere iragarri du 45. ediziorako, Rising Stars Jazz Award sari ospetsuaren azken edizioko irabazle bezala aurretik baieztatuta zegoen Yessaï Karapetianekin batera. Brandon Lewis Principal antzokian arituko da, uztailaren 15ean. 

‘Jazz Times’ aldizkariak egindako inkestaren arabera, 2021eko saxo tenore onena da, eta bere talentuak berrikuntzetara eraman du, adibidez ‘Mollecular’ diskoan hainbat diziplinen arteko harremana aztertzea lortuz. Publikoarekin konprometituta, jotzen duen bakoitza azkena balitz bezala egiten duela adierazi du. 

Gasteizko jazz jaialadiak laster jakinaraziko ditu edizio honetako egitarauan parte hartuko duten beste batzuk eta “sorpresak” izango direla iragarri du.