“HITZEKIN. Denok euskara doan” dinamika abian jarri du AEK-k

Korrikaren ingurumarian, AEK-k abian jarri du doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra jorratuko duen dinamika ere. Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dutela.

Dinamika horren lehendabiziko aurkezpena burutu da Bilbon; bertan parte hartu dute, batetik, Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusia, eta Asier Amondok, Korrikaren arduraduna, eta, bestetik, Garbilan eta Iberdrola enpresetako hainbat langilek. Izan ere, gaur, dinamikaren ildoetako bat azaldu da (“HITZEKIN. Denok euskara doan. Langileok prest” izenekoa): AEK-KORRIKAtik elkarlan-bide bat landu da ELA nahiz LAB sindikatuekin, eta heldu den ikasturterako doako ikastaro laburrak antolatuko dituzte, hainbat lantokitan prest dauden langile-taldeekin. Berez, urtero eta Euskal Herriko lantoki askotan ezaguna den dinamika biderkatu nahi dute ekimen honen bidez. Gehiagorengana iritsi nahi izango dute eta, batez ere, dinamikaren xedea bistaratu nahi da ekintza praktiko horien bidez: “Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere”

Langileek adierazi dutenez, euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-munduarena, eta berau euskalduntzeko urrats zehatzak aldarrikatu dituzte. Haiek ere prest daude pausoak emateko (“langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen dugu hizkuntza-eskubideena”), baina, era berean, aipatu dute norbanakoen boluntarismoa gainditu behar dela. Lan-mundua euskaldundu nahi bada, ezinbestean Administrazioen aldetik erabaki ausartagoak hartu beharko dira: “Behar-beharrezkoa da langile guztiei euskara ezagutzeko bideak jartzea, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzu hori doakoa izatea”

Alizia Iribarrenek adierazi duenez, gaurko aurkezpena, eta abian jarriko diren ikastaro horiek, dinamika zabalago baten isla dira; aurrerago, ekinbide gehiago landuko dira, baita beste arloetan ere. Era berean, aurreratu du apirilaren 4an aurkezteko dela, dinamika honen barruan ere kokatu den Donibane Garaziko adierazpena. AEK ez ezik, beste euskaltegi askoren ordezkariak daude agiri horren atzean.