Dantzertiren Arrakala jardunaldiak kaleko arteak izango ditu ardatz

Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak Arrakala jardunaldien seigarren edizioa egingo du gaurtik igandera, martxoaren 25etik 27ra, eta kaleko arteak izango dira ardatz. Egitarau oparoa izango da eskolaren Bilboko egoitzan, hala nola tailerrak, mahai inguruak eta ikuskizunak.

Eskolako iturriek jakinarazi dutenez, kaleko arteei buruz ikasteko eta hausnarketa egiteko aukera izango da, bai eta kalean bertan bizitzeko eta gozatzeko ere. Horretarako, kaleko arteetan eskarmentu handia duten konpainiak eta profesionalak hurbilduko dira Dantzertira, ikasleen parte hartzeari berebiziko garrantzia emanez.

Larunbatean, kaleko antzerkian izena eta ospea lortu duten lau antzerki konpainia elkartuko dira mahai inguruan: Hika Teatroa, Deabru Beltzak, Markeliñe eta Hortzmuga. Taldeotako kideek ikuspuntuak eta gogoetak partekatuko dituzte, ‘Euskal Herriko kaleko arteak: iragana, oraina eta etorkizuna’ gaiaren inguruan.

Era berean, tailerrak izango dira gaur eta larunbatean. Natalia Monge Getxoko dantzariak emango duena kaleko dantzaz arduratuko da. Dantzertik Monge gonbidatu nahi izan du jardunaldietara, ikasleei eta interesa duen orori kaleko dantzaren inguruan duen metodologia eta ezagutza irakasteko.

Mota honetako ikuskizunetan garrantzirik handiena duen alderdietako bat jorratuko du: ikusleen eta dantzarien arteko hurbiltasuna. Gainera, arnasketaren kontzeptua ere landuko du Mongek, bere azken ikerketa koreografikoetan egin duen bezala. Bigarren tailerrean kaleko antzerkia jorratuko da, horrelako emanaldietan esperientzia handiena duen euskal konpainietako baten eskutik, Hortzmuga konpainiak kale antzerkiarekiko duen grina eta kaleko ezaugarrietara egokitzeko duen erraztasunaren eta trebetasunaren berri emango baitie ikasleei.

Arrakala 2022 jardunaldiak bukatzeko, lantegietan parte hartzen duten ikasleek bi egunetako lan saioetan egindako lanaren lagin bat eskainiko dute, artista irakasleekin batera. Dantza erakustaldia Ibarrekolanda plazan izango da, Dantzerti aurrean, larunbateko 19:00etan, eta kale antzerkia Areatzan, igandeko 12:00etan. “Asteburu batez, arte eszenikoen sektorearen, eskolako ikasleen eta bertan parte hartu nahi duten herritarren bilgune bihurtuko da Dantzerti, horixe baita Arrakalaren asmoa hasiera hasieratik”, adierazi dute.