Serifalaris, diseinu eta ikusizko kulturaren jaialdia apirilaren 1ean eta 2an egingo da

Serifalarisek, Getxoko (Bizkaia) diseinu eta ikusizko kulturaren jaialdiak, 10 urte bete ditu, estatuko diseinuaren eta sormenaren sektorearentzat erreferente izaten jarraitzeko asmo sendoz. Apirilaren 1ean eta 2an itzuliko da ekimena Muxikebarri Arte, Kultura eta Biltzarren Zentrora. Edizio indartsu eta eklektikoa izango da, ustekabez betea, eta sektoreko punta-puntako egileen hitzaldiak ekarriko dizkigu, nazioarteko bi estudiorenak barne.

Serifalarisek 2021eko irailaren ekin zion bere hamargarren urtemugako egitarauari. Lehenbizi, zenbait bizipen klandestino proposatu zituen, eta horietarako sarrera guztiak saldu ziren; azaro eta urtarril artean, berriz, mentoretza-programa berritzailea egin zen; eta apirilaren 1ean eta 2an emango zaio amaiera ibilbide horri.

Jaialdian egongo dira, besteak beste, Pepe Gimeno, 2020ko Diseinu Sari Nazionalaren irabazlea; Txema Salvans argazkilaria –‘Perfect Day’-ren egilea; 15 urteko lan artistiko eta dokumentala, Mediterraneoko kostaldeko ingurune degradatuetako aisialdiari buruzkoa–; Relajaelcoco branding estetikoko estudioa; eta emakumezko diseinatzaile ugari, horien artean Genie Espinosa, diseinatzailea, ilustratzailea eta komikien egilea –Hoops, fantasia distopiko, feminista post millenial sariduna–; Inma Bermúdez diseinatzailea, besteak beste IKEAren eta Lladróren kolaboratzailea; Nuria Vila, lan-prozesuetan jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin konprometitua; eta Rebeka Arce, etorkizun oparoko bilbotar diseinatzaile gaztea, eta ZINEBI edo Getxophotorentzako zenbait kanpainaren egilea. Holandatik Trapped un Suburbia estudioaren arduradunak etorriko dira, ‘diseinuaren Harry Potter-ak” goitizenez ezagunak; baita KesselsKramer agentziarenak ere.

Hamargarren edizio honetarako, Serifalarisek aurreko edizioetako ahotsetako batzuk ekarri nahi izan ditu berriro. Jolasteko gogoz, sare sozialetan dituen jarraitzaileei utzi zien hautaketa egiten, eta haiek Javier Jaénen alde bozkatu zuten. Almodovarren Madres Paralelas filmerako egin zuen kartelak saria lortu zuen Feroz Sarien 9. edizioan, 2022an, eta 2021eko abuztuan polemika sortu zen hura zela-eta, Facebookek zentsuratu egin baitzuen. 2020an, Forbes aldizkariak sormen handieneko 100 espainiarren artean sartu zuen Jaén.

Serifalarisen arduradunek hitz eman dute “ustekabeak eta jaialdi-amaiera oso berezia” egongo direla, jarraitzaileei gustatzen zaien bezala. “Diseinuaren etorkizunari begiratuko diogu, eta lanbidea ospatuko dugu, baita jaialdiaren hamar urteak ere, diseinuaren eta sormenaren inguruan komunitate sendo bat eratzea lortu baitu, Euskadin eta Euskaditik kanpo”.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, jaialdiaren webgunean (serifalaris.com); bi eguneko pack-aren salneurria 70 eurokoa da, eta egun bakarrekoarena, 40 eurokoa.

Serifalaris diseinuaren eta sormenaren profesionalentzako urteroko topaketa da, Marina Goñi eta Freskue estudioek antolatua (azken horren buru Peio Atxalandabaso da). 2011tik, haziz joan da Serifalarisen hizlari eta ikus-entzuleen kopurua. Estatu osotik etortzen dira, eta gogoko dute hitzordu honen nortasun nabaria. 2020an, Getxoko auto-zineman egin zen pandemiaren edizioa, Odette ekaitzak ere hitzorduarekin bat egin zuen arren. “Diseinatzaileek diseinatzaileentzat antolatutako ekimena da Serifalaris, eta, horri esker, urtero-urtero etortzen direnen premiekin eta gustuekin bat egiten dugu. Horrek bereizten gaitu mota honetako beste topaketa batzuetatik, eta erreferentziazko hitzordu gisa finkatzen gaitu, halakoak iraupen laburrekoak izan ohi diren sektore batean”, azaldu dute antolatzaileek.