Euskal Herriko Trikitixa Eguna ospatuko da Pasaian larunbatean, martxoaren 26an, eta, izen-emate “arrakastatsuaren” ondoren, ia 600 trikitilari bilduko dira bertan, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideek jakitera eman dutenez.
Aurkezpenean gogorarazi dutenez, 50 urte dira lehen aldiz trikitilari talde bat Usurbilen (Gipuzkoa) Sakabi eta Egañazpiri omenaldia eginez elkartu zirela. Handik sortutako mugimenduak Euskal Herriko Trikitixa Elkartea sortzea ekarri zuen.
Trintxerpeko Illumbe Musika Elkarteak ere 50 urte beteko ditu aurten, eta hainbat egitarau antolatu ditu ospakizun honetarako. Bada, bi elkarteen artean, Euskal Herriko Trikitixa Eguna antolatu dugu larunbaterako.
“Izen-emate arrakastatsua izan dugu, Pasaiako lau barrutietan ia 600 trikitilari ibiliko baitira, eta bazkarian 800 ere elkartuko baikara. Hegoaldeko lau lurraldeetatik eta Lapurditik 38 trikiti eskola edo talde etorriko dira”, azaldu dute.
Egitaraua 11:30ean hasiko da, trikitilariak Pasaiako lau barrutietan elkartuz. 12:00etan kalejirak hasiko dira, eta 13:00etan doako kontzertuak izango dira lau barrutietan: Pasai Donibaneko Santiago plazan Trikidantz (Nafarroa), Pasai Antxoko Gure Zumardia plazan Korrontzi (Bizkaia), Pasai San Pedroko frontoian Iratzar (Gipuzkoa) eta Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan Triki Blinders (Lapurdi).
Herri bazkaria 14:30ean izango da, Ciriza Etxean, eta bazkalostean, 18:00etan hasita, kalejira erraldoia izango da Trintxerpeko kaleetan zehar eta familia argazkia egingo dute Gernika plazan.