Gure Artea sariek 56.000 euro banatuko dituzte

Artistek euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpena aitortzeko Gure Artea sarien aurtengo deialdia onartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. Arte plastikoak eta bisualak sustatzeko asmoz ematen diren sariek hiru modalitate dituzte, eta guztira 56.000 euro banatuko dira, iaz baino 2.000 gehiago.

Hain zuzen, Jaurlaritzako arduradunek iragarri dutenez, ibilbide artistikoa aitortzeko sariak 20.000 euro emango ditu, orain arte baino 2.000 gehiago. Lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria da.

Halaber, sorkuntza lana aitortzeko sariak 18.000 euro banatuko ditu. Azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista taldea aitortzeko saria da. Azkenik, arte plastiko eta bisualen arloan agenteek egindako lana aitortzeko sariak 18.000 euro emango ditu.

Epaimahaikideek aurkeztuko dituzte beren hautagaiak eta ondoren hautagaitzak aztertu eta epaia emango dute. Honako hauek osatuko dute aurtengo Gure Artea sarien epaimahaia: Damaris Pan Vega, Fernando Perez Gómez, Jesus Maria Lazkano Perez, Maite Garbayo Maeztu eta Mikel Lertxundi Galiana. Sariak banatzeko ekitaldia udazkenean egingo da.