Durangok ‘Tontolapiko Eguna’ ospatuko du Aste Santuan

Apirilaren 16an clown eta umore ikuskizunen maratoia egingo da herri bizkaitarreko hainbat tokitan.

Pandemiaren ondorioengatik Topaklown bertan behera utzi ondoren, Durangoko Udalak eta Ganso&Cia konpainiak Tontolapiko Eguna antolatu dute apirilaren 16rako. Ekimen honen bidez, Aste Santuko oporretan herria animatzen zuen clown espiritu jada klasikoa bizirik mantendu nahi dute, adin guztientzako umorezko ikuskizunen maratoi bat eskainiz. Eguerdiko 12etan hasi eta gaueko 11ak arte luzatuko da barrez eta algaraz beteriko egitaraua.

Hitzorduaren aurkezpenean, antolatzaileek azpimarratu dute Topaklownen etenaldiak ez duela ekarriko Durango bere umore eta pailazokeria dosirik gabe geratzea. Horretarako, adin guztietarako bost ikuskizun eskainiko dira, doan. “Barre egin nahi dugu, ondo pasatu eta jendea gozarazi. Horretarako, pailazokerien maratoi bat antolatuko dugu apirilaren 16an, bizitzen ari garen gauza txar guztiak ahaztu ditzagun”, gaineratu dute.

“Plan atsegin bat eskaini nahi dugu txango bat egiteko edota gure herrian egun polit eta dibertigarri bat igarotzeko, beste urte batzuetan Topaklown ospatzen zen garai berdinean. Formatu berri honekin, bisitari bakoitzak bere esperientziaren intentsitatea planifikatu dezake, ikuskizunak bost ikuskizunetara joan ahal izateko edo gehien interesatzen zaizkigun formatuak hautatzeko programatuta baitaude. Gure ustez, ideia erakargarria izan daiteke bai txangoan datozen familientzat, bai gazteentzat, bai bestelako bisitarientzat. Datorren apirilaren 16an Durangon barrez lehertuko dugu”.

Ikuskizun gehienak aire zabalean egingo dira, esaterako Aurora Abasolo parkean, Ezkurdi plazan edota Barandiaran kalean. Azken ikuskizuna San Agustin Kulturgunean eskainiko da. Eguraldi txarra izanez gero, ikuskizunak Landako Gunera eramango dira.

Sarrerei dagokienez, dohainik izango dira, eta ez da aldez aurretik erreserbatzeko aukerarik izango.

IKUSKIZUNAK:

GANSO & CIA. Durango. BABO ROYAL.

TOTI TORONELL. Katalunia. LIBÉLULA

STETS JAUNA. Danimarka. LONELY ORKESTAR

Cia  Cris-Is. Katalunia. HOME