Zazpi liburu igaro dira 111 Akademiaren Saria hautatzeko bigarren bozketa txandara

111 Akademiak amaitu du 2021eko saria erabaki ahal izateko lehenengo bozketa txanda, urtarrilaren erdian abiatu eta otsailaren 27a arte zabalik izan zena, eta zazpi liburu dira bigarren txandara igaro direnak: Juan Kruz Igerabideren ‘Doneaneko alaba’, Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’, Itxaro Bordaren ‘Euri zitalari esker’, Lander Garroren ‘Faith’, Irati Goikoetxearen ‘Herriak ez du barkatuko’, Kirmen Uriberen ‘Izurdeen aurreko bizitza’ eta Alberto Ladron Aranaren ‘Mendekuaren hazia’.

111 Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, lehenengo bozketa txandan Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ eta Alberto Ladron Aranaren ‘Mendekuaren hazia’ izan dira lanik bozkatuenak, baina ez batak ez besteak ez zuen lehenengo txandan saridun izendatzeko behar den botoen %30 lortu. Egoera horretan, beraz, 111 Akademiaren arautegiaren arabera, boto gehien jaso duten bost obrak pasatu beharko zituzkeen bigarren bozketa txandara, hau da, aipaturiko biak eta boto gehien jaso zuten hurrengo hirurak, baina Rodriguezen eta Ladron Aranaren lanen atzetik bost liburu zeuden boto kopuru bera jasota, eta, beraz, berdinketa hori apurtzerik ez zegoenez, aurten zazpi lan pasatu dira bigarren bozketa txandara.

Horrela, adierazi dutenez, “2021ean euskal literaturak utzitako uzta zabaletik”, zazpi horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo bozketa txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak, eta martxoaren 27a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren txandan libururen batek jasotako botoen %40 bereganatuko balu, 111 Akademiak hura izendatuko luke 2021eko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke.