Arriaga antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak sustatutako ‘Literatura eta Musika Euskaraz’ zikloa itzuliko da antzokiko foyerrera datorren astelehenean, martxoaren 21ean, eta Esti eta Mikel Markez kantariak arituko dira. Alabak eta aitak elkarrekin grabatutako ‘Azal Berritzen’ diskoko kantuak entzun ahal izango dira emanaldian.
Hamar abesti bildu dituzte lanean, bakoitzak bost; alegia, diskoaren sorkuntza prozesua erdibana burutu zuten, baina batak bestearen kantu batzuetan ere parte hartuz, kantari eta jotzaile moduan. Poeta eta bertsolari garaikideak dira testu gehienen egileak, eta Mikel eta Esti dira doinuen sortzaileak.
Idazleen artean daude Toti Martinez de Lezea, Pako Aristi, Alaia Martin, Jon Maia edo Joseba Sarrionandia. Bada, horixe izango da Arriaga antzokian astelehenean eskaintzen duten proposamena, “musika errezitaldi oso atsegina, kalitate akustiko handikoa, eta edertasun poetikoz jantzitakoa, letra oso zainduei esker”.
Saioa 19:30ean hasiko da, Arriagako foyerrean, eta sarrerak salgai daude, 15 eurotan, www.teatroarriaga.eus webgunean eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.