BBK Kunak Gizarte berrikuntzako nazioarteko ekimen abangoardistenak aurkeztuko ditu

BBK Kunaren Gizarte Berrikuntzako Ekosistemen Nazioarteko I. Foroa egingo da Bilboko zentroan gaur eta bihar, martxoaren 17an eta 18an, Bizkaian gizarte eragina duten sareen sorkuntza inspiratzen eta laguntzen jarraitzeko asmoz, eta gizarte berrikuntzan egun dauden nazioarteko ekimen abangoardistenak aurkeztuko dira bertan.

BBK Kunako arduradunek nabarmendu dutenez, 2021eko urrian ireki zenetik, Garapen Jasangarrirako Helburuen Etxea “gizarte berrikuntzaren erreferente bihurtu da Bizkaian eta Euskadin”, eta, BBK Kuna Kideak 2030 edo The Future Game ekimen arrakastatsuen ostean, orain foro berritzaile bat antolatu du nazioarteko erreferentziazko gonbidatuekin. Tokiko sare eta ekimenak estatu eta nazioarte mailan aitzindariak diren gizarte berrikuntzako ekosistemekin lotzeko sortu da topaketa.

Bi egunetan, ekintzailetzaren eta barne ekintzailetza sozialaren inguruko esperientziak eta ikaskuntzak partekatuko dira. Horrela, foroak gaikako hiru bloke izango ditu. Hasteko, ostegun goizeko saioan, nazioarteko sare garrantzitsuenetako batzuk aurkeztuko dira, BMW Foundation, League of Intrapreneurs, B Corp – B Lab Spain, Amsterdam Metropolitan Solutions Institute – TU Delft eta Impact HUB Donostia Coop-en parte hartzearekin.

Arratsaldean, eragina neurtzeko metodologiak aztertuko dira. SDG Impact estandarren sarrerako saio bat egingo da Spain NABen eskutik, eta BBK Kuna Kideak 2030 sareko lau erakundek esku hartuko dute: Deustuko Unibertsitatea, ReCircular, Lantegi Batuak eta Ihobe. Azkenik, ostiral goizean, berrikuntza irekiko adibide aitzindariak eta barne ekintzailetzako puntako ekimenak ezagutaraziko dira Aigües de Barcelona, Ashoka, Fundazioen Espainiako Elkarte eta Eroski Taldearen eskutik. “Hiru bloke, hiru gai nagusirekin, 2030 agendan aurrera egiteko eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan lagundu ahal izateko. Enpresek, administrazioak, unibertsitateek eta herritarrek elkarrekin ikasi eta lan egin ahal izango dute, gizarte gisa ditugun erronkei irtenbideak bilatzeko”, adierazi dute antolatzaileek.